Politika -
Kataluniako erreferenduma
Independentziaren aldekoek irailaren 15ean hasiko dute baiezkoaren kanpaina
Kanpainaren aurkezpenean gaur azaldu dutenez, subiranismoaren 'aniztasuna' erakustea izango dute helburu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urriaren 1ean Katalunian egingo den independentziari buruzko galdeketari begira, baiezkoaren aldeko kanpaina irailaren 15ean hasiko da. Baiezkoaren aldeko erakunde eta elkarteek gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, subiranismoaren 'aniztasuna' erakustea izango dute helburu.
Jordi Sanchez Kataluniako Biltzar Nazionaleko (ANC) presidenteak aurkeztu du baiezkoaren alde egingo duten kanpaina bateratua eta bere alboan izan dira Neus Lloveras AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteako presidentea, Jordi Bosch Omnium elkarteko buruzagia, David Bonvehi PDeCAT alderdiko antolakuntza koordinatzailea, Sergi Sabrià ERCko bozeramailea, Democrates alderdiko Antoni Castellà buruzagia eta Quim Arrufat CUP alderdiko kidea.
ANCko presidenteak azpimarratu duenez, erakundeen eta alderdien artean "koordinatutako" kanpaina bat izango da eta subiranismoaren "azentu" desberdinak erakustea izango du helburu. Ildo horretan, "baiezkoaren aldekoen artean dagoen aniztasunak" indartsuago egingo dituela uste du.
Sanchezen esanetan, kanpaina irailaren 15ean, 00:00etan, hasiko da ofizialki eta hiru ekitaldi nagusi izango ditu: hasieran, erdian eta amaieran. Gainera, ekitaldi horietako bat Bartzelonan izango da.
Halaber, kanpainaren hasieraren aurretik egingo den "ekitaldi bateratu" bakarra Diada egunekoa izango dela nabarmendu du.
Bestalde, kanpainari lotuta, webdelsi.cat webgunea jarri dute abian eta bertan ekitaldi guztien inguruko informazioa ezagutzeko, boluntario gisa izena emateko eta ekarpen ekonomikoak egiteko aukera izango da.
Azkenik, segurutzat jo du urriaren 1eko erreferenduma egin egingo dela eta abstentzioaren atzean ez ezkutatzeko deia egin die boto-emaileei. Haren esanetan, urriaren 1eko galdeketari begira bi aukera baino ez daude: baiezkoa edo ezezkoa.