Politika -

Ezohiko bilera

Rajoyk ez du baztertzen ministroekin 16an biltzea, Katalunia dela eta

Kataluniako Parlamentuak erreferenduma egiteko lege proposamenari bidea ematen badio, Ministroen Bilera egingo dute. Hala, Parlamentuaren Mahaiak baldintzatuko du ondorengoa.

Rajoy oporretan dago Galizia, ohi bezala. Argazkia: EFE
Legea eta demokrazia banandu ezin direla esan du Rajoyk

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, baliteke ministroen ezohiko bilera bat egitea abuztuaren 16an, Kataluniako Parlamentuak erreferenduma egiteko lege proposamenari bidea ematen badio, urriaren 1erako.

"Ez dut baztertzen", esan du Rajoyk. Hurrengo bilera abuztuaren 25erako deituta dago, baina "baliteke beste bat egitea lehenago, oraindik ez dago erabakita".

Parlamentu katalanaren Mahaiak deituko duen bilerak baldintzatuko du Ministroen Bilera deitzea. Parlamentuak Junts pel Sik eta CUPek uztailaren 31n onartutako ekimenari bidea ematea da asmoa, erreferenduma legearen bidez babesteko.

Mahaia, dena den, ez da abuztuaren 16a baino lehen bilduko, egun horretan berrekingo baitiote lanari Kataluniako Parlamentuan.

Espainiako Gobernuko presidenteak Galiziatik egin ditu adierazpenok, opor-lekutik. Gaur goizean, Umia ibaiaren ertzean egon da, Ponte Arnelasen, Ribadumian (Pontevedra).

Handik, Rajoyk "lasaitasunez eta moderazioarekin" berretsi duenez, "urriaren 1ean ez da erreferendumik egingo", "Espainia demokrazia aurreratua" baita eta "demokrazia eta legea ezin dira banandu eta ez dira bananduko".

Bestalde, presidente espainiarrak oporretako agendaren zati bat aurreratu du. Denbora gehiena Galizian emango du, lau probintzietako herrietara bisitak eginez. Abuztuaren 7an, baina, Mallorcara joango da erregearekin biltzeko, urtero legez.

Ezustekorik ez badago, Mariano Rajoy abuztuaren 20ra arte egongo da oporretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Rajoy Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Gaurko azken orduko albistea