Politika -
PRESOAK
Etxeratek espetxe-politikari egotzi dio Kepa del Hoyo presoaren heriotza
Elkarte horren arabera, 'mendeku gosean oinarritzen diren neurri ankerrek eraman dute preso galdakoztarraren bizitza'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxerat elkarteak gaur Azpeitian egindako agerraldian, "frantziar eta espainiar estatuek mantentzen duten salbuespenezko espetxe politika suntsitzailea" jo du Kepa del Hoyo ETAko presoaren heriotzaren erantzuletzat. Del Hoyo Badajozeko espetxean hil zen atzo bihotzekoak jota, kirola egiten ari zen bitartean.
Etxerateko kideak Azpeitian, San Ignazio Loiolakoaren basilikaren aurrean, bildu dira urtero legez, San Ignazioren omenez egin ohi den elizkizunaren egunean, ETAko presoen sakabanaketari eta "salbuespenezko espetxe-politikari" amaiera ematea eskatzeko asmoz.
Elizkizunera, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia bertaratu dira, eta Etxerateko kideek presoen egoerari buruz lantzen duten txostena eman diote Urkulluri, eta espetxe-politikan aldaketak izan daitezen lan egin dezala eskatu diote. Lehendakariak, bere aldetik, horretan ari direla erantzun die.
Horrez gain, Etxerateko bozeramaileek testu bat irakurri dute, eta "elkartasun osoa" adierazi diete Del Hoyoren senitartekoei, eta "frantziar eta espainiar estatuek mantentzen duten salbuespenezko espetxe politika suntsitzailea"ri egotzi diote haren heriotza.
Etxeratek uste du euskal gizarteak ezin duela" beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean", eta ezinbestekotzat iritzi dio "presoen eta erbesteratuen arazoari konponbidea emango dion bide-orri bateratu"ari heltzea.
Elkarte horren arabera, "mendeku gosean oinarritzen diren neurri ankerrek eraman dute preso galdakoztarraren bizitza".
"Ez ote da krudela Kepa del Hoyoren senideek 750 kilometro egin behar izatea haien ahaide maitearen gorpu bizigabea ekartzeko, 20 urte luzez egin dituzten bidaia amaigabeen eta nekagarrien moduan?", galdetu dute Etxerateko kideek.
Horrenbestez, Etxeratek larri gaixo dauden presoak aske geratu behar direla eta gainerakoak Euskal Herriko espetxeetara lekualdatu behar dituztela azpimarratu du beste behin.
Elkarretaratze eta manifestazio ugari
Arratsaldean zehar, ugariak izan dira Del Hoyoren heriotzaren harira euskal udalerri eta hirietan egin dituzten elkarretaratzeak eta manifestazioak.
Hartara, ehunka pertsona bildu dira Bilbon (Arriaga plazan), Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plazan), Donostian (Boulevard zumardian) eta Iruñean (PPren egoitzaren aurrean), besteak beste, presoaren argazkia erakusten zuten irudiekin eta "Agur eta ohore" erakusten zuen pankartaren atzean.
Bilboko Arriaga plazan egin den elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Galdakaon ere, Del Hoyoren bizitokian, manifestazio jendetsua egin dute, haren "heriotza salatzeko".
Gauean, ehun petsonatik gora bildu dira Boluetako beilatokian (Bilbo), Del Hoyoren hilkutxa jasotzeko. Aipatu hilkutxa hileta-auto batek eraman du Extremaduratik Boluetara, eta senideek eta Etxerateko eta ezker abertzaleko hainbat kidek harrera egin diote bertan, 22:00ak aldera.
Del Hoyoren hilkutxa Boluetako beilatokira heldu denean. Argazkia: EFE
Larunbatean, "manifestazio nazionala"
Sortuk "manifestazio nazionala" deitu du larunbat honetarako Galdakaon, Kepa del Hoyoren heriotza dela eta. Martxa 18:00etan abiatuko da, Galdakaoko udaletxeko plazatik hasita.
Bestalde, gaur iluntzean, 22:00etan, lehen harrera egingo diote Boluetako beilatokian. Horrez gain, biharamunean, Sortuko Batzorde Nazionaleko kideak Galdakaoko beilatik pasatuko dira 12:00etan, eta, 13:00etan, azken agurra emango diote.