Politika -
2014ko hauteskundeak
Gorenak Ertzaintzako hauteskundeak baliogabetu ditu; udazkenean egingo dira
Auzitegi Gorenaren aburuz, ez zegoen segurtasun arrazoirik boto-txarteletan hautagaien izenak ager ez zitezen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak bertan behera utzi ditu 2014ko Ertzaintzako hauteskunde sindikalak, eta udazkenean errepikatuko dituzte berriro, ERNE sindikatuko iturriek baieztatu dutenez.
Aipatu hauteskundeak CCOO sindikatuak inpugnatu zituen; izan ere, boto-txarteletan ez ziren ordezkari izateko aurkeztu ziren Ertzaintzako kideen izenak agertzen. Horrenbestez, Bilboko epaitegi batek baliogabetu egin zituen, eta, ondoren, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ere.
Auzitegi Gorenak ERNE sindikatuak aurkeztutako errekurtsoa kontuan hartu ez duenez, berretsita geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia.
Ekainaren 27an eman zuen epaian jasotzen denez, Auzitegi Gorenak uste du ez zegoela segurtasun arrazoirik boto-txarteletan hautagaien izenak ager ez zitezen, ETAren mehatxua desagertuta baitzegoen. ELAk besterik ez zituen hautagaien izenak jarri boto-txarteletan.
2014ko hauteskundeetan, ERNEk 25 ordezkari lortu zituen; Esanek, 15; ELAk, 11; Sipek, 7; Euspelek, 4 eta CCOOk, 1. Hartara, azken sindikatu horrek bost ordezkari galdu zituen.
Hauteskundeak udazkenean
Hauteskundeak azaroaren 30ean errepika daitezela proposatuko du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostegunean, Ertzaintzako Negoziazio Mahaian.
Alabaina, sindikatuek azaroaren bigarren hamabostaldia edota azaroko lehendabizikoa dituzte esku artean.