Politika -
Kontrol saioa
Zapaterok pentsioak izoztuko dituela berretsi du "koherentziagatik"
Gobernuko presidenteak dio 2011ko asmoei eutsiko diela "zor publikoaren merkatua egonkortzen" lagundu duelako. Hezkuntza eta I+G+B izango omen dira gutxien kaltetutakoak.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Espainiako Gobernuko presidenteak 2011ko pentsioak izoztuko dituela berretsi du, "koherentziagatik" eta ekonomiari "sinesgarritasuna emateko", izan ere, defizitaren murrizketak ahalbidetuko omen du gizarte-laguntza horiek berriro igotzea.
Horixe adierazi du gobernuburuak Diputatuen Kongresuan egiten ari diren Gobernuaren kontrolerako saioan, Josep Antoni Duran i Lleida CiUren diputatuaren galdera bati erantzute aldera. Politikari kataluniarrak, "justizia arrazoi batengatik", dirua beste neurri batzuen bitartez aurreztea eskatu dio Zapaterori.
Baina horrek azpimarratu du pentsioen murrizketa aurreikusten duen Erret Dekretu Legeak "zor publikoaren merkatua egonkortzen" lagundu duela.
I+G+B eta hezkuntza, "gutxien kaltetutakoak"
Gobernuburuak, bestalde, aurreratu du I+G+B eta hezkuntza izango direla aurrekontuetan murrizketek "gutxien kaltetutakoak", eta EAJri gogorarazi dio "asko" duela esateko datorren urteko Estatuko aurrekontu orokorren inguruan.
Zapaterok Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramailearen galderari erantzun dio, ikerketa, garapena eta berrikuntza ataleko inbertsioagatik kezka agertu du eta.
Gobernuko presidenteak ez du aurrekontuei buruzko xehetasunik eman nahi izan, talde parlamentarioekin negoziatzea falta delako. Elkarrizketa horietan EAJ protagonista izango dela azpimarratu du.
Dena dela, argi adierazi du aurrekontuek Europar Batasunak ezarritako Europa 2020 estrategiari erantzungo diotela eta Gobernuak martxan jarritako erreformekin bat egiten duela.
Erkorekaren zalantzen aurrean, baina, azken sei urteotan I+G+B alorrean "aurrekaririk gabeko" esfortzua egin dutela, inbertsioa hirukoiztu dutela, eta gastuak murrizteko politikaren barruan "gutxien kaltetuko" dutena izango dela ziurtatu du.
Zapaterok irudimen eta proposamen falta leporatu dio Rajoyri
Zapaterok ekonomia alorrean irudimenik ez izatea eta proposamenik ez egitea leporatu dio Mariano Rajoy PPren buruzagiari, eta oporretara joan aurretiko diskurtsoarekin jarraitzen duela esan du.
Izan ere, Rajoyk espainiarrei kalte handia egiten jarraitzen duela adierazi dio Zapaterori eta langabeziak "gora" egiten duen bitartean "Europan susperraldia hasi" dela azpimarratu du.