Politika -

Frankismoko krimenak

Martin Villa atxilotzea eskatu du berriro Servini epaileak

Rodolfo Martin Villa galdekatu nahi du, baina ministro ohi espainiarrak justizia saihesteko 'jarrera tematia' duela salatu du epaile argentinarrak.

Maria Servini epaile argentinarra. Artxiboko argazkia: EiTB
Maria Servini epaile argentinarra. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Servini epaile argentinarrak, frankismoko krimenak ikertzen ari den epaileak, Rodolfo Martin Villa ministro ohi espainiarra atxilotzea eskatu du berriro ere, frankismo garaian izandako gizateriaren kontrako krimenen delituengatik galdekatzeko.

Atxilotu behar izan gabe deklaratu ahal izateko baimena eskatu zioten Rodolfo Martin Villaren abokatuek Maria Servini buru duen Buenos Aireseko epaitegiari. Hala ere, epaileak eskaera hori atzera bota zuen Servini epaileak pasa den ekainaren 7an.

Gauzak horrela, Martin Villaren abokatuek helegitea aurkeztu zuten eta oraingoan, uztailaren 13an, epaitegiek aintzat hartu zuten helegitea. Epaitegiaren esanetan, Servini epaileak emandako nazioarteko agindua "oinarririk gabea" da, Espainiako ministro ohiari leporatutako gertaerak ez zituelako modu egokian heldu, ez testuinguruari eta ezta denborari dagokionez.

Epaitegien erabakiaren ondoren, epaile argentinarrak beste ebazpen bat eman du, Martin Villa atxilotzeko arrazoiak 55 orrialdetan azalduz. Serviniren esanetan, homizidio eta gizateriaren aurkako krimen "delitu larriengatik" ari dira Martin Villa ikertzen. Gaineratu duenez, Martin Villa izan zen 1976ko martxoaren 3an Gasteizen bost langile hil eta ehundik gora zauritu zituen polizia karga agindu zuena, eta 1976 eta 1977 artean sei hilketaren ustezko erantzulea da.

Ildo horretan, Espainian "erabateko zigorgabetasuna" nagusi dela salatu du Servinik, haren esanetan, epaitegiek inoiz ez dituzte "1936tik aurrera Espainian gertatutako gizateriaren kontrako hilketak ikertu".

Martin Villak Maria Serviniren aurrean deklaratzeko asmoa agertu izan badu ere, justizia saihesteko 'jarrera tematia' duela salatu du epaile argentinarrak. Izan ere, ez du Martin Villa galdekatzea lortu, balizko auziperatze baterako beharrezko pausoa dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Maria Servini albisteak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea Gasteiz martxoak 3 Frankismoa Giza eskubideen urraketak frankismoan