Politika -
Bartzelona
CUPek bere burua erruduntzat aurkeztu du U-1eko galdeketagatik
Epaitegira igorritako ohar batean, "Estatuaren erakundeek erreferendumaren aurka abiatutako beldurraren estrategiari aurre egiteko beharra" azpimarratu du alderdi independentistak.
agentziak | erredakzioa
CUPek bere burua errudun gisa aurkeztu du epaitegiaren aurrean, urriaren 1ean egitekoa den galdeketa antolatzeko prozesuan "egilekide eta beharrezko laguntzailea" izan delako.
Alderdi independentistak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Bartzelonako 13 zenbakiko Instrukzio Epaitegian aurkeztu dute idazkia, hain zuzen, independentziaren aldeko galdeketa antolatzeko prozesua ikertzen ari den epaitegian.
Hala, CUPek bere burua erruntzat jo du eta ikertzeko eskatu dio, erreferendumaren parte delako.
Gainera, horrekin batera, gaurtik urriaren 1era bitartean antolatuta dauden ekitaldi guztien zerrenda aurkeztu du, "CUP ez dela ezkutatzen erakusteko".
Ekintza horren bidez, CUPek "Estatuaren erakundeek erreferendumaren aurka abiatutako beldurraren estrategiari aurre egiteko beharra" azpimarratu du.
Benet Salellas CUPeko diputatuaren iritzian, "13 zenbakiko Epaitegiak Kataluniako Antzoki Nazionalean egindako ekintzak argi erakutsi du arazoa ez dela PPren gobernua, baizik eta Estatuaren aparatua, demokraziaren aurkako eta larderiazko Estatua".