Politika -

ETAren iragarpena

EAJ: 'ETAk bere porrota onartzeko ezintasuna ezkutatzen du'

"ETAren komunikatua ez da euskal gizarteak espero zuena, bere ekintza guztiak bertan behera" utziko dituela iragartzen ez duelako, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak azaldu duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk egindako azken iragarpenean "bere porrota" onartzeko ezintasuna ezkutatzen du "hitz lauak erabiliz", EAJren hitzetan. "Eraso ekintza armaturik" egingo ez duela esatearekin ez da nahikoa eta "sinesgarria izateko indarkeria behin betiko uztea beharrezkoa da", jeltzaleen arabera.

"ETAren komunikatua ez da euskal gizarteak espero zuena, eta espero duena, bere ekintza guztiak bertan behera" utziko dituela iragartzen ez duelako, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Bilbon azaldu duenez. EBBko presidenteak adierazpen bat irakurri du agerraldian eta ez du galderarik erantzun.

"Anoetako adierazpenaren garaira itzultzeari" uko egiten dio EAJk, Urkulluk adierazi duenez, eta "inolako babes politikorik" onartuko ez duela ohartarazi dio ETAri.

Gainera, "euskal gizarteak ETAri ezer zor ez" diola errepikatu du buruzagi jeltzaleak, ETAk, ostera, "bakea zor dio herri honi".

Ezker abertzalea

Bestalde, azken urte honetan "ETAren aurrean egindako adierazpenean" azaldutako, eta gizarteari eta agente politiko eta sozialei helarazitako gogoetak "praktikan jartzeko" aukera du ezker abertzaleak orain, Urkulluk azpimarratu duenez. Horrela, bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua "atzeraezina" bihurtuko litzateke.

Azkenik, "Euskadiren etorkizuna euskal gizartearen eta bere ordezkari demokratikoen eskuetan egon behar du. Bide horretan ideologia guztiek parte hartu behar dute. Euskadin bakea eta askatasuna lortzeko helburua gauzatzeko guztiekin lan egiteko prest dago EAJ", esan du.

Europak "behin betiko su-etena eta egiazta daitekeena" exijitzea eskatu dute

Izaskun Bilbao EAJren Eurodiputatuak Strasbourgeko Parlamentuan hitz egin du Europako agintariei eskakizuna egiteko, ETAri "behin betiko su-etena eta nazioarteak egiaztatuko duena" exiji diezaiotela.

Eurodiputatu jeltzaleak ''Bruselako Adierazpena''ren printzipioak aipatu ditu erakunde armatuaren agiriari sinesgarritasuna emateko ezinbesteko baldintzak direlakoan. Horietan, su-etena behin betikoa izatea eta erakunde independenteek egiaztatzea agertzen da, EAJren iturriek jakinarazi dutenez. Hori horrela, Bilbaok esan du lanean jarraituko dutela Europako Parlamentua izan dadin gaiari buruzko adierazpena egiten duena, ETAren komunikatuan eskatzen den moduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea