Politika -

Euskobarometroa

EAJk irabaziko lituzke berriro hauteskundeak; EH Bildu, bigarren

Elkarrekin Podemos hirugarrena litzateke 11 eserlekuei eutsita edo bat galduta, PSE-EEk 9rekin jarraituko luke, PPk 7 eta 9 artean lortuko lituzke eta Ciudadanos Legebiltzarrean sartuko litzateke.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk irabaziko lituzke berriro Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, 29 edo 30 eserleku eskuratuta, eta EH Bilduk bigarren postuari eutsiko lioke, 15 eta 17 ordezkari artean lortuta. Elkarrekin Podemos litzateke hirugarren indarra, gaur egungo 11 eserlekuei eutsita edo bat galduta, PSE-EEk 9 ordezkarirekin jarraituko luke, eta PPk 7-9 aulki bereganatuko lituzke. Bestalde, Ciudadanos Eusko Legebiltzarrean sartuko litzateke.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Politika eta Administrazio Zientziako sailaren Euskobarometro Taldeak hauteskunde estimazioak egin zituen, maiatzean egindako 1.200 elkarrizketak aztertuta, eta gaur jakinarazi dituzte horren ondorioak.

Azken Euskobarometroaren arabera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain egingo balira EAJ izango litzateke garaile —batez besteko parte hartze estimatua % 60koa baino apur bat gehiagokoa litzateke—. EAJk boto baliodunen % 38,6 lortuko lituzke, apur bat gora eginda, eta 29-30 eserleku inguru eskuratuko lituzke, lehen lekua lortuta hiru lurraldeetan: 8 Araban, 9 Gipuzkoan eta 12-13 Bizkaian.

EH Bilduk bigarren postuari eutsiko lioke, boto baliodunen % 20,8 eskuratuta. Hala ere, ordezkaritza galduko luke: 18 ditu orain eta 15 eta 17 artean lortuko lituzke. Bigarren lekua lortuko luke Gipuzkoan (7-8) eta Bizkaian (4), eta Araban (4-5) PPrekin lehiatuko litzateke postu hori lortzeko.

Elkarrekin Podemosek boto baliodunen % 13,9 lortuko lituzke, eta 10 edo 11 eserleku izango lituzke, gaur egun bezainbeste edo bat gutxiago: 4 Araban, 3 Gipuzkoan eta 3-4 Bizkaian.

PSE-EEk boto baliodunen % 13,0 eta 9 eserleku inguru lortuko lituzke, hiru ordezkari lurralde bakoitzeko.

PPk atzera egingo luke probintzia guztietan, baina bosgarren lekuari eutsita, 7 eta 9 eserleku artean eta boto baliodunen % 9,2 inguru lortuko bailituzke: 4-5 Araban, 2 Bizkaian eta 1-2 Gipuzkoan.

Ciudadanos Eusko Legebiltzarrean sartuko litzateke, boto baliodunen % 2,4 eskuratuta, Arabako eserlekuari esker.

Datu horiek eskuetan hartuta, hauteskundeak irabazi arren, EAJk ez luke gehiengo absolutua lortuko, eta alderdiren baten babesa beharko luke Gobernua osatu ahal izateko.

Gero eta gehiago pertsona gehiagok uste dute ETAko presoek zigor osoa bete behar dutela

ETAko presoen zigorra osorik bete behar dutela uste duten herritarren kopurua 14 puntu hazi da azken urtean, % 33raino, Euskobarometroaren emaitzen arabera. Azken galdeketekin alderatuta, euskal gizarteak bere jarrera gogortu du terrorismoarekin lotutako delituak dituzten presoen aurrean.

Halaber, euskal gizartean adostasun zabala ei dago terrorismoaren amaierari dagokienez. Inkestan parte hartu duten herritarren % 87k uste dute "justizia egin behar dela bi bandoen biktimekin". Gainera, ia herritar kopuru beraren ustez, "ez da bakarrik kontuan hartu behar ETAk egindako indarkeria".

Enpleguak kezka nagusia izaten jarraitzen du

Enplegua da kezka nagusia oraindik, baina nabarmen egin du atzera lehenengoz krisia hasi zenetik. Enpleguarekiko kezkak (% 51) lehenengo mailan jarraitzen du, baina azken hiru seihilekoetan 19 puntu egin du behera.

Askoz ere beherago ageri dira hauek dituztenak kezka iturri: "gizarte desberdintasunak eta ongizatea" (% 19), egoera politikoarekiko kezka (% 12) eta egoera ekonomikoa (% 7). Azken seihilekoetan 7 puntu egin du atzera azken horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra argazkiak Hauteskundeak Euskadin 2024 EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE albisteak Euskadiko PP berriak Euskadiko Ciudadanosi buruzko albisteak Eguneko albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak