Politika -

Kataluniako gobernu berria

Jordi Turull, Joaquim Forn eta Clara Ponsati, Kataluniako Gobernu berrian

Neus Munte, Jordi Jane, Meritxell Ruiz eta Joan Vidal de Ciurana kargutik kendu ditu Carles Puigdemont presidenteak.

Carles Puigdemont. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont. Argazkia: EFE
Puigdemontek lau kontseilari aldatu ditu, erreferendumari begira

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1eko erreferendumari begira, Carles Puigdemontek aldaketak egin ditu Kataluniako Gobernuan: Jordi Turull izango da Presidentziako kontseilaria; Joaquim Forn, Barne kontseilaria; eta Clara Ponsati, Hezkuntza kontseilaria.

Kataluniako Gobernuko idazkari berria Victor Cullel izango da, eta Presidenteordetzakoa, Josep Maria Jove.

Bestalde, kargutik kendu ditu Neus Munte orain arteko Presidentzia kontseilari eta Kataluniako Gobernuaren bozeramailea, Jordi Jane Barne kontseilaria, Meritxell Ruiz Hezkuntza kontseilaria eta Joan Vidal de Ciurana Generalitateko idazkaria.

Horrez gain, duela gutxi Jordi Baiget Enpresa kontseilari kargugabetu zuen Puigdemontek.

Puigdemontek eta Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordeak agerraldia egin dute Gernalitateko Jauregian aipatu aldaketen berri emateko.

Kataluniako presidenteak gobernu sendoa eta batua nahi du erreferenduma antolatu eta prozesu soberanista azkeneraino eramateko asmoz.

Puigdemontek esker ona agertu die Generalitatea utzi duten guztiei, "egin duten lanagatik eta erakutsitako zintzotasun eta leialtasungatik".

Ofizialki kargutik kendu baditu ere, Puigdemontek zehaztu du erabakia ez duela berak hartu, kontseilariek eurek erabaki dutela "albo batera egitea" eta euren tokia beste batzuei uztea.

Guztiekin banaka bildu zela eta bilera horietan Generalitatea uzteko asmoa jakinarazi ziotela erantsi du.

"Nik ez dut inor kargutik kendu. Kontseilari guztiei esan diet ez dagoela inolako arrazoirik horretarako, lan eredugarria egin dutelako. Zintzotasunez eta leialtasunez aritu dira, baina albo batera egiteko erabakia hartu dute eta nik erabaki hori onartzea beste aukerarik ez dut izan", azaldu du.

Koordinaziorako taldea

Bestalde, Oriol Junquerasek iragarri du koordinazio politikorako organo bat osatuko dutela, erreferendumari lotutako erabaki guztiak Generalitateko kontseilari guztien artean hartzeko.

"Kataluniako Gobernuko kide guztiok adostu eta sinatuko ditugu urriaren 1ean katalanek bozkatu ahal izateko beharrezkoak diren itun guztiak", adierazi du.

Horrez gain, Junquerasek zuzenduko du hauteskunde prozesuen arloa eta, orain arte bezala, berak koordinatuko du erreferenduma, Puigdemontekin eta Victor Cullell idazkari berriarekin elkarlanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Pere Aragonès