Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Erkoreka: 'Hobe da ETArengandik honelako iragarpenen berri izatea'

EAJren Kongresuko bozeramailearen ustez, Espainiako Gobernuak eta PSOEk "ETAren aurkako borroka polizialarekin jarraituko dute eta hori izango da haien egitekoaren ardatz nagusia".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramailearen hitzetan, "hobe da ETArengandik honelako iragarpenen berri izatea, hiletena eta sarraskiena baino".

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Erkorekak esan du hau ez dela "ETAk Euskadiri zor dion iragarpena", ezta "euskal gizarteak ETAri eskatzen diona" ere.

EAJko bozeramailearen ustez, "ETAk egingo duena ikusteko dago". Zereginak eta erruak gainerako eragileei leporatzen dizkiola adierazi du Erkorekak, baina "urrats garrantzitsuak" ETAk berak eman behar dituela azpimarratu du.

ETAren atzoko iragarpenaren aurrean, EAJk ez du oraindik adierazpen ofizialik egin; Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) gaur arratsaldeko bileran aztertuko dute.

Espainiako Gobernua

Jose Luis Rodriguez Zapaterok oraindik agerraldirik egin ez izanari buruz, Erkorekak ez du uste PSOEk eta Gobernuak "epe laburrera" beste modu batera erantzungo dutenik. EAJren Kongresuko bozeramailearen aburuz, "ETAren aurkako borroka polizialarekin jarraituko dute eta hori izango da euren egitekoaren ardatz nagusia".

Estatuko Aurrekontu Orokorrak

PSOEren eta EAJren arteko negoziaketak "irailaren 1ean, 2an" hasi zituztela adierazi du Erkorekak, eta "aurrekontuen proiektua ezagutzera eman ez izana" leporatu dio Espainiako Gobernuari.

Enplegu-politika aktiboen transferentzia osoa eskatuz, EAJk "Euskadik krisi ekonomikoari eta langabeziari aurre egiteko tresnak eskuratzea du helburu", jeltzalearen esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea