Politika -
ETAren iragarpena
Alderdi gehienak, 'zuhurtzia' eta 'mesfidantza'ren artean
Aralarrek eta EAk egin dute balorazio baikorrena, baina, halere, indarkeria "behin betiko" uzteko eskatu diote ETAri.
Erredakzioa
EAJko Euzkadi Buru Batzarrak asteleheneko ohiko bileran aztertuko du ETAren iragarpena. Hori da alderdi jeltzaleko iturriek jakitera eman dutena.
Dena dela, lehen adierazpen batean, alderdi jeltzaleak esan du agiria ez dela "euskal gizarteari zor diona" ezta "euskal gizarteak espero zuena".
PSE-EE: "Eskasa eta zehaztasunik gabeko iragarpena"
ETAren iragarpena "gutxiegia, zehaztasunik gabekoa eta nahasia" dela adierazi du PSE-EEko zuzendaritzak , izan ere, iragarpen horrek ez du "behin betiko desagerpena" aipatzen, "ezta Batasunak eta EAk egindako eskaerei erantzuten".
Komunikatu baten bidez, ETAren iragarpenak ez duela "aparteko berririk ematen" azpimarratzen du PSE-EEk, ETAk gauza bakarra egin dezakeelako: "Euskal herritarrek azken 50 urteetan jasandako sufrimenduaren amaiera iragarri edo ezker abertzaleak borondate handiz egindako adierazpenei erantzun".
PP: ''Komunikatua hauteskundeei begira egindako estrategia hutsa da''
ETAren iragarpena ezker abertzalearekin batera egindako "talde estrategia" dela salatu du Antonio Basagoiti, Euskadiko Ppko presidenteak. Hauen helburua hurrengo hauteskundeetan aurkezteko aukera izatea omen da, Basagoitiren esanetan.
"Eurek tregua agindu dezakate, baina Estatuak ez", esan du politikari popularrak. Bere ustez, ETAk bere ekintzen amaiera iragartzea "ez da beharrezkoa", benetan ezinbestekoa dena ETAren amaiera baita. Gainera, ETAK egindako iragarpena 2011ko hauteskundeetan izateko "estrategia hutsa" izan daitekeela esan du.
Aralar: "Albiste ona eta garrantzitsua da"
Aralarrek, bere aldetik, ETAren iragarpena "albiste ona eta garrantzitsua" dela iritzi dio, baina ekintza armatuak "betiko" baztertzeko eskatu dio erakundeari.
Alderdi abertzaleak prentsa agiri batean azaldu duenez, ETAren erabakia "pauso garrantzitsua da Euskal Herriak eskatu eta erabaki duen bakea lortzeko".
Orain, "biktimen, presoen eta kaltetutako pertsona guztien errekonozimendua eta konponketa lortzeko bideak irekitzea" beharrezkoa dela iritzi dio.
EA: ''Egiazta daitekeen mugagabeko tregoa baterako lehen urratsa''
ETAren iragarpena, "bake eszenatoki batera eraman behar gaituen eta egiazta daitekeen mugagabeko tregoarako lehen urratsa" dela adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak.
EAko arduradunaren esanetan, "orain inoiz baino gehiago", alderdiek arduraz jokatu behar dute, "eszenatoki honen sendotasunaren gainetik interes partikular edo elektoralistarik jarri gabe".
EBk indarkeria "behin betiko" uzteko eskatu du
Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiak esan du iragarpena "positiboa" dela, baina ez "euskal gizarteak exijitzen duena". Hortaz, indarkeria "behin betiko" uzteko mezu "argi eta zehatza" egiteko eskatu dio ETAri.
Agiri batean, Aranak agertu du ez dela nahikoa ETAren agiria, "hilabete batzuk atentaturik egin gabe" daramatzala baino ez baitu esan.
UPyD: ''Ez da nahikoa''
Gorka Maneiro, Euskadiko UpyDko bozeramailearen esanetan "tregoa iragartzea ezer esatea da. Ez du balio. Eta ez da nahikoa".
"ETA baldintzarik gabe desagertu behar da, eta indarkeriarekin behin betiko amaitu", gaineratu du Maneirok.