Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

EAJ 'Estatutuaren bidera itzuli' dela goraipatu du Mendiak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gogora ekarri duenez, jeltzaleak "duela urtebete Ibarretxe Planean zeuden" eta orain "autogobernuaren eskumenak" aldarrikatzen dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioan EAJk "lasaitasunez" jokatuko duela espero du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak. Gainera, jeltzaleen jarreragatik "poztu" egin da agintari sozialista, izan ere, "duela urtebete Ibarretxe planean zeuden" eta orain "Estatutuaren bidera itzuli dira, autogobernuaren eskumenak aldarrikatuz".

Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean gogorarazi duenez, Gizarte Segurantzaren "kutxa bakarra" errespetatzeko "marra gorria" EAJk "markatu eta bozkatu" zuen, eta Eusko Jaurlaritza erabaki horren arabera negoziatzen ari da enplegu politika aktiboen transferentzia Madrilgo Gobernuarekin.

Eskumenak behar lukeen diru kopuruari dagokionez (EAJk 460 milioi euro eskatzen zituen, eta PSE-EEk eta Espainiako Gobernuak 320 milioi adostu zituzten aurreakordio batean), Mendiak jakinarazi du oraindik ez dagoela kopururik "itxita".

Haren esanetan, EAJren eta Gobernuaren elkarrizketetan "gainditu ezin diren bi marra gorri daude: (Gizarte Segurantzaren) kutxa bakarra haustea eta langabezian dauden euskal herritarrak kaltetzea".

Justizia eta Administrazio Publikoaren sailburuak azpimarratu du Zapaterok "etengabe" hitz egiten duela Patxi Lopez lehendakariarekin EAJrekiko elkarrizketen berri emateko. Era berean, lehendakariak Antonio Basagoiti EAEko PPren buruari ematen omen dizkio azalpenak gai horren inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea