Politika -
Espetxe politika
Urkulluk espetxe politika aldaketzeko eskatuko dio, berriz, Rajoyri
Erkorekak berritasun “garrantzitsua” atzeman du Rajoyren Gobernuak presoen egoeraren inguruan duen diskurtsoan.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak ETAko presoei aplikatzen zaien espetxe politikan aldaketak aurrera eramateko eskatuko dio, beste behin, Mariano Rajoyri. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak adierazi duenez, Espainiako Gobernuaren diskurtsoan aldaketa “garrantzitsua” sumatu du.
Eusko Jaurlaritzaren asteroko bileraren ostean, Erkorekak honakoa gogoratu nahi izan du: lehendakariak iragan urtean jakinarazi zion Rajoyri ETAko presoei aplikatzen zaien “salbuspeneko” espetxe politikan aldaketak egiteko beharra.
“Betoa”ren amaiera
“Espainiako Gobernuak badaki zein den Eusko Jaurlaritzaren jarrera”, adierazi du Erkorekak. Gainera, EPPKaren erabakia oso “garrantzitsua” dela azpimarratu du, espetxe politikak eskaintzen dituen aukerak onartu nahi izan dituzten presoentzat “beto”aren amaiera izan delako.
Erkoreka Juan Ignacio Zoido ministroaren azken adierazpenez aritu da. Azken honek espetxe politikan aldaketarik egingo ez dutela adierazi du aste honetan. Izan ere, Zoidoren aburuz, ETAko presoei “ez zaie beste presoei baino mesede gehiagorik egiten, ezta gutxiagorik ere”.
Zoido
Eusko Jaurlaritzaren bozeramalearen ustez, Zoidoren diskurtsoan badago “eztabaidaezina den berritasun bat”. “ETAko presoek beste presoen tratamendu eta benefizio bera izango dutela esan du. Hori garrantzitsua da, orain arte, presoei salbuespeneko politika aplikatu zaielako”.
Lehendakaria Rajoyren erantzunaren zain dagoela adierazi du Erkorekak. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak bilera hurrengo egunetan egingo ote den ziurtatu ezin duela adierazi du.