Politika -
Elkarrizketa
Jonan Fernandez: 'Legea aplikatu behar da, salbuespenik gabe'
Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak espetxe legea salbuespenik gabe aplikatzea eskatu du. Halaber, gai horretan Espainiako Gobernuarekin komunikaziorik ez egotea deitoratu du.
EITB.EUS
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak kartzela politikari buruzko bere jarrera aldatzeko galdegin dio Espainiako Gobernuari. Fernandezen esanetan, aldaketarik ez egiteak bere arriskuak ditu; izan ere, "zatiketak eta jokabide maltzurrak eragozteko mesedegarria da aldaketak egitea". Hala ere, Fernandezek nabarmendu duenez ez dago zalantzarik ez dagoela atzera bueltarik, nahiz eta oraindik zenbait "etapa falta diren eta horiek bultzatzea hobe den".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan eskainitako elkarrizketan zehaztu duenez, "ez dugu eskatzen ETAko presoek tratu bereizgarria izatea, salbuespenik gabe legea aplikatzea baizik". "Legea interpretatu dadila testuinguru berri honetan", ebatzi du. Halaber, gai horretan Espainiako Gobernuarekin komunikaziorik ez egotea deitoratu du. Gaineratu duenez, "ez dago ez aurrez aurreko komunikaziorik eta ezta gaiari buruzko gune partekaturik ere".
Bake eta Bizikidetza idazkariaren esanetan, "denok ditugu eginkizunak". Eusko Jaurlaritza lanean ari dela esan ondoren, azpimarratu du presoek eta ezker abertzaleak ere beren egitekoak egin behar dituztela. ETAri dagokionez, berriz, nahi duen moduan, baina desegin eta desagertu egin behar duela berretsi du, "biktimengatik, gizartearengatik, normalizazioarengatik eta elkarbizitzarengatik".