Politika -
Martxa Errenterian
Errenteriako gazteak Iruñeko Auzitegiak epaitzea eskatu dute
Terrorismo delitupean Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte gazte horiek. Errenteriako auzokideen aburuz, erabaki hori "proportzionaltasun eta berdintasun printzipioen aurka doa".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den martxoaren 11an Iruñean izandako manifestazio baten osteko istiluen ondorioz atxilotutako hiru gazteak aska ditzatela eskatu dute Errenteriako bizilagunek igande honetan udalerri horretan egindako martxa batean.
Gazte horiek terrorismo delitupean atxilotu zituzten, eta martxoaren 11az geroztik espetxean daude adin txiko beste gazte batekin.
Etorkizunaren Alde Plataformak deitutako martxa izan da igande honetakoa. 12:30ean abiatu da Errenteriako Herriko Plazatik, "Etorkizunaren alde. Atxilotutako gazteak askatu" lelopean.
Gazte horien auzia Auzitegi Nazionalean ebatziko dute azkenean, terrorismo delitupean, joan den hilaren 23an Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ondorioz. Apirilaren 11an Nafarroako Auzitegiak ebatzi zuen istilu horiek ezin zirela "terrorismotzat" hartu. Dena dela, Gorenak kontrako epaia atera du.
Gazte horien gurasoek sustatutako Etorkizunaren Alde Plataformak uste du erabaki hori "bidegabea da", eta "proportzionaltasun eta berdintasun printzipioen aurka" doala. "Iruñeko istiluak Estatuko beste leku batean gertatu izan balira, ez lukete terrorismotzat joko", nabarmendu du plataformak. Hori dela eta, gazteak aske utz ditzatela eskatu dute.