Politika -
Presoak
Espetxe-legea betearaztea eskatu dio Sarek Espainiako Kongresuari
Txalotu egin du Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek, PPk salbu, larri gaixo dauden presoak aske uztea eskatu izana.
Agentziak | Erredakzioa
Presoen aldeko Sare herritarrak gaur onartu duenez, Euskadin eta Nafarroan aurrerapausoak ematen ari dira larri gaixo dauden presoak aske gera daitezen alde, baina Espainiako Legebiltzarrari zuzendu zaio "beraien legea errespetatzea" eskatzeko.
Hedabideen aurrean Gasteizen egin duten agerraldian, Sareko ordezkariek begi onez ikusi dute bai PSE eta Unidos Podemos alderdiek "konponbidearen aldeko jarrera" erakutsi izana, bai Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek, PPk salbu, larri gaixo dauden presoak aske uztea eskatu izana ostegun honetan.
Aipatu ebazpenean, euskal presoei aplikatzen zaien kartzela politika euskal erakundeekin "adosteko" eskatu zion Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari.
Sareren aburuz, ETA armagabetu zenetik, beharrezkoa da "pertsona guztien eskubideen defentsan" eman beharreko pausuekin jarraitzea, "baita preso daudenena ere". Ildo horretatik, "ETAren jarduera indarrean" egongo balitz bezala aritzeari uzteko garaia dela adierazi dute.
Halaber, deialdi bikoitza egiten dute: batetik, euskal erakundeei, presoen eskubideen defentsan "iniziatiba har dezaten"; bestetik, espainiar parlamentuari, "beren legea errespeta dezaten".
Aldi berean, Sarek eskatu du presoen kolektiboa ematen ari den eztabaidarekiko errespetu osoa izatea, inongo kanpo injerentziarik gabe eman dezaten.
Adierazi dutenez, "presoek ez dute urrunketa beraiek nahi dutelako pairatzen"; Azaldu dutenaren arabera, gradu garapenak tratamendu taldeak proposatzen ditu eta espetxe-zaintzako epaileari dagozkio onartzea. Euren esanetan, "ez da zilegi espainiar presoen % 1,5 besterik ez badago lehen graduan", euskal presoen kasuan kopuru hori "% 95,5 izatea".
Azkenik, gogora ekarri dute 70 urtetik gorako presoek aske geratzeko eskubidea dutela, eta erantsi dute urruntze politikak espetxe legea bera urratzen duela; horrenbestez, bete dadila eskatu dute.