Politika -
Eusko Legebiltzarra
Alderdi guztiek, PPk salbu, gaixo dauden presoak aske uztea eskatu dute
EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk hitzartutako testuan 'espetxe politikaren norabidea' euskal erakundeekin adosteko eskatu diete Espainiako Gobernuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, PPk salbu, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak aske uztea eskatzeko testu bat adostu dute, beti ere indarrean dagoen legedia beteta. Halaber, euskal presoei aplikatzen zaien kartzela politika euskal erakundeekin adosteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
EH Bilduk presoen inguruan aurkeztutako proposamen baten aurrean erdibideko zuzenketa bat adostu dute EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk. PPk, ordea, kontra bozkatu du Espainian preso "guztien" osasun eskubideak bermatuta daudela argudiatuta.
Gaur onartutako testuan jasotakoaren arabera, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko eta "arrazoi humanitarioengatik eta duintasun pertsonalagatik" kartzelatik ateratzeko eskatu die Eusko Legebiltzarrak gaian eskumena duten autoritateei.
Halaber, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak 2017ko otsailaren 17an kaleratutako instrukzioa indargabetzeko ere eskatu du. Horren arabera, gaixo dauden presoak aske geldituko dira baldin eta "epe laburrean hiltzea aurreikusten bada edota hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzeko baldintzak betetzen badituzte".
Gainera, preso gaixoen lotuta adierazitako irizpidea "zuzentzeko" eskatu dio Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroari. Horren esanetan, baldintzapeko askatasuna aplikatzeko "presoa bi hilabeteko epean hiltzeko ageriko arriskua" dagoela erakutsi beharko da.
Bestalde, presoen bizitza, segurtasuna eta osasun eskubideak errespetatzeko eskatu die Espainiako Gobernuari eta Espetxe Zaintzari, botere publikoek "sentsibilitate berezia" adierazi behar dutela iritzita "kartzela politika arautu behar duten printzipioen aplikazioan".
Legebiltzarreko eztabaidan, "giza eskubideak guztiei eta toki guztietan" aplikatzea aldarrikatu du Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak. "Posible" izateaz gain, salbuespenezko neurrien aplikazioarekin amaitzea "komenigarria" dela aldarrikatu du.
EH Bilduren izenean Julen Arzuaga pozik agertu da lortutako akordioarekin, haren hitzetan, ezberdinen arteko indar metaketa "ezinbestekoa" da Espainiako Gobernuaren kartzela politika aldatzeko. Ildo berean, PPren immobilismoa gaitzetsi du.
Juan Luis Uria Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, haren alderdiak preso guztien eskubideak defendatzen ditu. Horrez gain, argi utzi nahi izan du ez duela partekatzen ETAko presoekin "ankerkeriaz" jokatzea, ezta "mendeku" politikak aplikatzea ere.
Rafaela Romero PSE-EEko ordezkariaren esanetan, giza eskubideen alorrean ezin da "parteez" hitz egin. Gaineratu duenez, Zuzenbide Estatuaren sendotasuna legearen aplikazio "zorrotza" eginda erakusten da.
PPko Nerea Llanos legebiltzarkideak gogor egin du sozialisten kontra eta EH Bilduren diskurtsoa bere gain hartu izana leporatu dio PSE-EEri. "Ez dago zalantzan preso bakar baten ere osasunerako eskubidea", azpimarratu du.