Politika -
Eusko Legebiltzarra
12 biktimak beren testigantza emango dute Memoria lantaldean, uda ostean
Irailaren 18tik aurrera hasiko dira Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantzeko ponentziatik pasatzen. Hala ere, ez dituzte biktimen izenak aurreratu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantzeko ponentziak terrorismoaren eta giza eskubideen bestelako urraketen biktima izan diren 12 pertsona deitu ditu irailaren 18tik aurrera, beren lekukotza eman dezaten. Hala adostu dute gaur lantaldea osatzen duten alderdietako kideek. PP ez beste Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiak parte hartzen ari dira.
Gaurko bileran, lantaldearen lehen fasean beren testigantza emango duten biktimen zerrenda adostu dute EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdiek. Lehendabiziko fasean, beraz, indarkeria pairatu duten pertsonak izango dituzte hizpide.
Lantaldeko iturriek azaldu dutenez, 12 biktima joango dira lantaldera irailaren 18tik aurrera beren lekukotasuna ematera. Hala ere, iturri horrek ez ditu biktimen izenak aurreratu, parte hartzeko moduan egongo diren ala ez baieztatu zain.
Lehen fase hori irailean bukatu nahi dute taldeek, baina ez dute baztertzen agerraldiak urrira arte luzatzea, agenda arrazoiak tarteko.
Biktimen txanda amaitutakoan, ondorengo gaiak jorratuko dituzte lantaldean: memoria, kartzela politika eta bizikidetza, eta giza eskubideak.