Politika -

Agerraldia Kongresuan

Barcenasek 20.000 euroko soldata izan zuen, 'lanerako balio' zuelako

"Ez da epailea izan, zuek esan duzue organizazio kriminala (PPkoak) direla", esan dio Barcenasek PSOEren diputatu bati, Kongresuan PPren ustezko finantzaketa ilegalari buruz egin den lan-taldean.

Luis Barcenas Kongresuan. Argazkia: EFE
Luis Barcenas Kongresuan. Argazkia: EFE
Barcenasek ez du ezer argitu PPren ustezko finantzazio irregularrari buruz

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenas PPren diruzain ohiaren esanetan, alderdiak 20.000 euroko soldata ordaindu zion lanerako "asko balio duelako". "Ez izan zalantzarik", esan dio irribarre batekin Toni Canto Ciudadanoseko ordezkariari, PPren ustezko finantzaketa ilegala aztertzen duen batzordean.

Cantok galdegin du nolatan ba iritsi zen 20.000 euroko soldata izatera, diruzaina zenean, eta aipatu du agian Kongresua ikertzen ari den PPren ustezko finantzaketa ilegala burutzeko gaitasunagatik izango zela.

"Zergatik uste duzu horrenbeste kobratzen zenuela?", itaundu dio Barcenasi. "Nire profesionaltasunagatik eta balioagatik. Ez izan zalantzarik", esan dio irribarre batekin.

Ez erantzuteko erabakiari dagokionez, Barcenasek adierazi du Unidos Podemosen txandan "beste ezer baino lehen, nire defentsarako eskubidea gailentzen" dela. Dena den, "fronte judiziala" bukatzen denean, prest egongo da diputatuen galderei erantzuteko.

Beste ezeri erantzun ez dionez, Unidos Podemosen bozeramalea esaera zahar batekin zuzendu zaio: "Kantatzen ez duen oilarrak zerbait dauka eztarrian". "Zure isiltasunak zure hitzek baino gehiago esaten dute" esan eta alderdiaren agintariak "babesten" dituela aurpegiratu dio.

Bestalde, Barcenasek ziurtatu egin du gaur, astelehena, epaileek ez diotela alderdiari organizazio kriminala izatea egotzi; PSOEren akusazioa baino ez da izan, zehatu duenez.

"Ez da epailea izan, zuek esan duzue organizazio kriminala direla", esan dio Barcenasek Isabel Rodriguez PSOEren diputatuari.

Agerraldiaren hasieran, Barcenasek hitza hartu du esateko entzun egingo duela, baina ez dizkiela diputatuen galderei erantzungo, ikertzen ari den auziari lotutako bi prozesutan baitago.

Aipatu bezala, Luis Barcenas PPren diruzain ohia Diputatuen Kongresuan da, PPren ustezko finantzaketa ilegalari buruzko batzordean agerraldia egin behar duelako.

Barcenasen agerraldiarekin martxan jarri da batzorde horren lana. Gatazka politikoa eragin du Kongresuan, oposizioak bat egin du, PPren aurka.

PSOEk, Podemosek eta Ciudadanosek adostu dituzte batzordearen lanak eta egin beharreko agerraldiak, oposizioko gainerako alderdiekin batera. PP, bitartean, bakarrik geratu da, eta lan-taldearen lana zein iraupena mugatzea eskatu du, eta baliteke Auzitegi Konstituzionalera jotzea hori eskatzeko.

Luis Barcenas 10:00etan heldu da Kongresura. Agerraldiaren formatua monografikoa, hori dela eta, talde bakoitzak 20 minutu izango ditu nahi beste galdera egiteko, baina erantzunik ez ematea espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Barcenas auzia Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Ustelkeria politikoa Gaurko azken orduko albistea