Politika -

Memoria historikoa

Frankismoko polizien aurkako lehen banako kereila aurkeztu du biktima batek

Luis Suarez-Carreño errepresaliatuak auzitara eraman ditu 1973an atxilotu eta torturatu zuten hiru polizia, tartean Juan Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño'.

Suarez-Carreño errepresaliatua, gaur aurkeztutako kereilarekin. EFE
Suarez-Carreño errepresaliatua. EFE
Suarez-Carreño errepresaliatua, gaur aurkeztutako kereilarekin. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Suarez-Carreño Liga Komunista Iraultzailearen kide ohi eta errepresaliatuak kereila aurkeztu du 1970ean eta 1973an atxilotu eta torturatu zuten Francoren Brigada Politiko Sozialeko polizien kontra, gizateriaren kontrako delitua egotzita. Espainiako Estatuan banako batek aurkeztutako lehen kereila da.

Atxilotu zuten bi aldietan "erasoak eta indarkeria" jasan zituen Suarez-Carreñok, kereilan jaso duenez. 1973ko atxiloketa jaso du zabalen, eta hiru polizia zehatzen kontra egin du: Juan Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño', Manuel Gomez Sandoval, Tomas Nieto Berrocal polizia inspektore frankistak.

Suarez-Carreñoren esanetan, "torturak sistematikoki egiteko errutina zuen brigada hark, batez ere ikerketarako informazioa lortzeko, baina batzuetan erregimenaren kontra zegoen edozein atxilo zezaketen, beldurra sortzeko asmoarekin".

Torturak frogatzeko —eta gertakariak gizateriaren kontrako delitutzat jo daitezen— Espainiako artxibategian bildutako "informazio ugari" eta lau adituk egindako txostena jaso dituzte kereilan. Suarez-Carreñok aitortu duenez, ordea, 1970eko atxiloketaren inguruko daturik eta torturatzaileen identifikaziorik ezin izan du lortu.

Iruñeko eta Gasteizko udalek frankismoko hilketen kontrako kereilak aurkeztu dituzte, baina hau da Estatuan banako batek aurkezten duen lehena. Madrilgo Plaza de Castilla epaitegietan aurkeztu du Suarez-Carreñok.

Fiskaltzak hiru eguneko epea du kereila tramitera onartzen duen erabakitzeko.

billy el niño audiencia nacional EFE

Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño', 2014an bere kontra egindako epaiketan. EFE

"Epaitegiak ausartak izan behar dira"

Suarez-Carreñok eta bere abokatuek uste dute Fiskaltzak tramitera onartuko duela, salatutakoak gizateriaren kontrako krimenak direlako. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, mota honetako delituek ez dute preskribatzen. Gainera, argudiatu dutenez, "salaketa oso zehatza da, eta ekintza zehatzak jasotzen ditu".

Suarez-Carreñoren ustez, kereila onartuta, "duintasuna berreskuratu eta akastuna den demokrazia hau onbideratu ahalko da".

Abokatuek azpimarratu dutenez, Estatuak gizateriaren kontrako delitu hauek ikertu behar ditu, "ezinbestean", eta hala egingo duten itxaropena azaldu dute. "Ausartak izan behar dira eta urte luzez mantendutako inpunitateari amaiera eman ahalko zaio", erantsi dute.

Kereila Espainiako Estatuan aurkezteak estrategia aldaketa ez dakarrela argitu dute abokatuek. Izan ere, Frankismoko krimenak ikertzeko kereila dago aurkeztuta Argentinan (Maria Servini epaileak abiatutakoa).

Ez da lehen aldia Frankismoko biktimek 'Billy el Niño' inspektorearen kontra jotzen dutena. Servinik haren estradizioa eskatu zuen, baina Auzitegi Nazionalak 2014an ukatu zuen, delituak preskribatuta zeudela argudiatuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gaurko azken orduko albistea Frankismoari buruzko albisteak Madril albisteak gaur