Politika -
Eusko Legebiltzarra
Majarenas askatzea eskatu dute EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEk
Sara Majarenas eta haren alaba Izar indarkeria matxistaren biktima direla eta beren senideengandik hurbil egoteko eskubidea dutela adierazi dute lau alderdiek.
Agentziak | Erredakzioa
EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, Sara Majarenas presoa aske uzteko eskatuz, Izar alabarekin batera "ingurune seguru batean" egon dadin.
Egun, Majarenas eta Izar Madrilgo harrera-zentro batean bizi dira, Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak aginduta.
Epaileak bigarren gradua eman zion Majarenasi, alaba ospitaletik atera zenean harekin egon hala izateko; izan ere, Izarrek hiru urte ditu eta adin horrekin ezin du amarekin batera espetxean bizi.
Joan de asteazkenean Kontxi Ibarreta, Sara Majarenasen ama, Legebiltzarreko batzorde batean izan zen eta bere alaba eta iloba Donostiara ekartzeko ahalegina egin zezatela eskatu zien talde parlamentarioei.
Gaur, PPk salbu, alderdi guztiek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Gasteizko Ganberan, Sara Majarenasen eta Izarren eskubideen alde.
Adierazpenean, ama-alabak bizi duten egoera humanitarioagatik kezkatuta agertzen dira, haurraren segurtasuna bermatzeko eskatzen dute eta amarekin egoteko eskubidea duela gogorazten dute, "beren familia ingurunetik urrundu gabe, ahal den heinean".
Horrez gain, lau alderdiek azpimarratu dute indarkeria matxistaren biktima direla biak eta "gertatutako guztia gainditu ahal izateko ingurune egonkor eta seguru batean" egon behar dutela, "bere familiaren babesarekin".
"Badira eskubide batzuk berezko direnak, nahiz eta preso egon", erantsi dute testuan.
Legez besteko proposamena gaur erregistratu dute, eta Legebiltzarrak onartu ostean, Auzitegi Nazionalari eta Espetxe Zaintzako zuzendaritzari helaraziko diote.