Politika -

Bilera Bartzelonan

Puigdemontek eta Urkulluk legeak aldagarriak direla defendatu dute

Legeak "arazo politiko eta sozialak konpontzeko" balio behar duela gogoratu diote Puigdemontek eta Urkulluk Estatuari.

Carles Puigdemont eta Iñigo Urkullu Generalitatearen Jauregian bildu dira. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont eta Iñigo Urkullu Generalitatearen Jauregian bildu dira. Argazkia: EFE
Carles Puigdemontek eta Iñigo Urkullu lehendakariak bilera egin dute

1:00

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak bilera egin dute arratsalde honetan Generalitateko Jauregian.

Batzarra amaituta, ez dute agerraldirik egin, baina Generalitateak ohar bidez jakinarazi duenez, Estatuak "nazio ezberdinak" aintzat hartu behar dituela eta horretarako bidea "elkarrizketa" dela defendatu dute.

Bileran Kataluniako eta Euskal Autonomia Erkidegoko egoera politikoa eta soziala aztertu dute. Katalunian, Espainiako Gobernuarekin hitz egitea eta akordio batera ezinezkoa dela ulertuta, aldebakarreko erreferenduma deitu dute urriaren 1erako. Eusko Jaurlaritzaren estrategia, berriz, kontrakoa da: lehendakaria konbentzituta dago Estatuarekin ituna egitea posible dela eta, ondorioz, aldebikotasuna babesten du.

Generalitateak zabaldutako oharraren arabera, Puigdemont eta Urkullu bat datoz legedia "aldaezina ez" dela esaterakoan eta legeak "arazo politiko eta sozialak konpontzeko" balio behar dutela uste dute.

"Legedia helburu demokratikoak lortzeko oztopo bilakatzen bada, ez du nazioen eta herrien arazoan konpontzeko balio eta, beraz, aldatu eta egokitu egin behar da", azpimarratzen du oharrak.

Bi agintariek esan dute Estatuak ezin duela "lurralde eredu jakin bat inposatu" eta agerikoa dela "Trantsiziotik gaurdaino Katalunia eta Euskadiren nazio izaera aitortu gabe" segitzen duela.

"Lurralde arazoak ez dira batasuna konstituzionalari behien eta berriro aipu eginez konponduko; Estatua berregituratzeko eta errealitate nazional ezberdinak aintzat hartzeko elkarrizketa prozesu bat ezinbestekoa da", erantsi dute.

Kataluniak eta Euskadik egindako eskaeren aurrean Espainiako Gobernuak "geldi" egoteko estrategia darabilela salatu dute eta "hitzartutako galdeketa legezkoak" egiteko eskubidea dutela aldarrikatu dute.

Gatazkaren oinarriak bi direla nabarmendu dute: batetik, nazio ezberdinek Estatuarekin izan behar duten lotura zein izan behar den argitu gabe dagoela; eta bestetik, autonomien Estatua agortuta dagoela.

Horrez gain, "krisi instituzionalaren diagnosian" ere bat etorri dira, baina Kataluniak eta Euskadik "nork bere errealitatetik" aurrera egin behar dutela erantsi dute.

Aurrekoetan ez bezala, gaurkoa bi agintariek ez dute agerraldirik egin bileraren ostean eta Generalitateak zabaldutako ohar baten bidez eman dute batzarraren berri.

Aurrerantzean ere, harremanetan jarraitzea adostu dute Puigdemontek eta Urkullluk.

Bestalde, Hipercorreko atentatuaren 30. urteurrenaren harira Bartzelonan egin diren ekitaldietan parte hartu du lehendakariak. ETAk Hipercor merkataritza zentroan egin zuen atentatuan 21 pertsona hil ziren eta 45 zauritu.

Ekitaldia nagusia arratsaldean egin dute, Terrorismoaren Biktimen omenez Meridiana etorbidean dagoen monumentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Urkullu albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak Pere Aragonès albisteak