Politika -
Larunbat honetan
Frankismoaren krimenek ez dutela preskribatzen gogorarazi dute Bilbon
"Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez" lelopean Bilboko kale nagusiak zeharkatu dituzte, frankismoan egindako krimenen inpunitatearekin amaitzeko eskatuz.
Agentziak | Erredakzioa
Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Elkarteak elkarretaratzea egin du larunbat arratsalde honetan Bilbon. Gerra Zibilean eta Francoren diktaduran zehar egindako krimenak gizateriaren aurkako delituak direla gogora ekarri dute. Gauzak horrela, inoiz ere ez dutela preskribatzen nabarmendu dute.
Frankismoan zehar egindako krimenen inpunitatearekin amaitzeko eskatu dute manifestazioan parte hartu duten pertsonek, eta Bilboko kale nagusiak zeharkatu dituzte frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez lelopean.
Manifestariek ikurrinak, bandera errepublikanoak edota komunistak eraman dituzte gainean, eta frankismoaren kontrako leloez gain, krimen guztiak ikertzeko eskatu dute.
Juan Maria Zulaika manifestazioan parte hartu duen bozeramailearen esanetan, “frankismoak 40 urte iraun zituen, baina diktadorea hil zenetik beste 40 urte isilik igaro dira jada”. Gauzak horrela, biktimei gertatutakoa argitzea eta zabaltzea eskatu du.
“Frankismoarekin amaitu eta demokrazia ezartzea eskatzen dugu, horren itzalak oraindik jarraitzen duelako”, gaineratu du Zulaikak.