Politika -
Atxiloketak
Belgikak Zengotitabengoa espainiaratzea erabaki du
Halere, defentsak helegitea aurkeztuko du. Zengotitabengoak ETAko kidea izatea arbuiatu egin du eta, epailearen aurrean adierazi duenez, berak jakinarazi zion Ostendeko Poliziari bertan zegoela.
Erredakzioa
Belgikako auzitegi federal batek euro aginduari kasu egin eta Luis Maria Zengotitabengoa ETAko ustezko kidea espainiaratzea erabaki du, baina defentsak erabaki horren aurrean helegitea jarriko duela iragarri du.
Brujasko Auzitegi Federaleko Akusazioaren Ganbara atxilotua Espainiaren justiziaren esku jartzearen alde agertu da eta defentsaren argudioak ezeztatu ditu, Zengotitabengoaren abokatuak berak zabaldu duenez.
Luis Maria Zengotabengoa ETAko kide izatea arbuiatu egin du epaile belgikarraren aurrean. Defentsako abokatuaren arabera, atxilotuak berak jakinarazi zion Ostendeko Poliziari bertan zegoela eta Durangoko agintari ofizial bati ere Belgikako hirian zegoela jakinarazteko fax bat bidali zion. Bere asmoa Britainia Handira joatea zen.
Paul Bekaert abokatuak azpimarratu duenez, atxilotua "ez zegoen ezkutuan Ostenden, ez zituen izen faltsuak erabili, ezta agiri faltsuak ere". Ildo horretan, azaldu du atxilotu zutenerako aste bete zeramala Ostenden, bere NAN ofizialarekin, eta hotelaren gastuak bere kreditu-txartelarekin ordaintzen ari zela.
Gainera, Bekaerten arabera, Zengotitabengoak fax bat bidali zion Durangoko agintari ofizial bati, Ostendeko ziber-kafetegi batetik, hirian zegoela jakinarazteko eta Ostendera heldu zenean ere Poliziarengana joan zen bertan zegoela komunikatzeko asmoz.
Abokatuaren hitzetan, ETAren ustezko kideak haren kontrako ezer bazegoen galdetu zion Polizia belgikarrari eta Ostenden geratzeko arazorik ez zegoela erantzun zioten.