Politika -

Ekitaldia

Gerra Zibilean hildako 82 gudari omendu dituzte Gernikan

Hobi komun batean egon dira 80 urtez, eta identifikatu dituzte guztiak.

82 gudari omendu dituzte Gernikako hilerrian. EiTB
82 gudari omendu dituzte Gernikako hilerrian. EiTB
Gernikan lurperatuta dauden 82 gudari omendu ditu Gipuzkoako Aldundiak

1:13

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gerra Zibilean hil eta Gernikan lurperatuta egon diren 82 gudari omendu ditu larunbat goiz honetan, Gernikako hilerrian. Frankisten aurka borrokatutako EAJren bataloietako 82 gudariren gorpuzkiak 80 urtez egon dira lurperatuta, aitortzarik jaso gabe eta haien familiak han zeudela ez zekitela.

Gernikako hilerrian egindako ekitaldian 300 bat pertsona bildu dira gaur, eta gudarien familiartekoek ez ezik, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ahaldun nagusiak ere hartu dute parte omenaldian.

Ekitaldian parte hartu duten pertsonek loreak eraman dituzte eta biktimak omentzeko plaka bat jarri dute gudariak lurperatuta dauden tokian.

Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak azaldu duenez, gudariei gertatutakoa gogora ekarri eta merezi duten aitorpena ematea da bere helburu nagusia. Olanok gogora ekarri duenez, frankistek gudarien gorpuzkiak atera eta hilerritik kanpo botatzen saiatu ziren.

“Gudari hauen memoria ezabatzen ahalegindu ziren, 270 soldadu errepublikanoekin egin zuten bezala”, azaldu du ahaldun nagusiak. Alabaina, bere esanetan, frankistek iragana ezabatzeko egin zuten saiakeran porrot egin zutela argi erakusten dute gudariak omentzeko jarri dituzten bi plaka horiek.

Ildo horretatik, gudariei merezitako aitortza emateko Gipuzkoako Foru Aldundiak lanean jarraituko duela esan du Olanok. “Bizipen desberdinek osatzen dute memoria kolektiboa. Falta direnak berreskuratzea da gure helburua, eta, gaurko ekitaldiarekin, horietako bat berreskuratzea lortu dugu: 82 gudarienak”, azpimarratu du ahaldun nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gernika-Lumo Eguneko albisteak Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa