Politika -
Barne-prozesua
EH Bilduk zuzendaritza berria aukeratuko du gaurko kongresu eratzailean
Antolakuntzak koalizio izateari utzi eta berezko ahalmen exekutiboa izango duten organoak aukeratuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herria Bilduk birsortze kongresua antolatu du gaur Bilbon, koalizio izateari utzi eta ahalmen exekutiboa duten organoak aukeratzeko.
Sortu, Eusko Alkartasuna eta Alternatibak Bildu koalizioa abiatu zuten orain dela sei urte. Handik gutxira, Aralar alderdiak bat egin zuen taldearekin eta EH Bildu eratu zuten.
Orain arte koalizio formulari eutsi diote, nahiz eta hainbat hautagai independiente ere izan. Erabakiak lau alderdien artean hartu dituzte, koalizioan izan duten pisuaren arabera.
Gaurko kongresuaren ostean, indarrean jarraitzeaz gain, EH Bildun ordezkaritza mantenduko dute lau alderdiek. Aldaketa garrantzitsuenak honako hauek izango dira aurrerantzean: militanteek ez dute zertan alderdi horietako afiliatuak izan behar, eta militanteek izango dute zuzendaritza organoak hautatzeko ardura, alderdiek izan beharrean.
Exekutiba berria (Mahai Politikoa) 19 kidek osatuko dute: militanteek aukeratutako sei buruzagik eta lau lurralde-koordinatzailek; talde parlamentarioetako bost ordezkarik, eta lau alderdi sortzaileetako ordezkari banak.
EH Bilduko kideek atzora arte, ostirala, izan zuten aukera Mahai Politikoko postuetarako aurkeztutako hautagaitza bakarra eta hogei idazkari sektorialak internet bidez bozkatzeko.
Arnaldo Otegi da lau alderdiek berretsitako hautagaitzaren koordinatzaile nagusia; Gari Mujika, berriz, zuzendari nagusi izateko hautagaia. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiaren bulegoko burua izan zen Mugika.
Kritikak Mahai Politikoaren kontrolagatik
Mahai Politikoaren osaketak kritikak eragin ditu Sorturen kontrolagatik. Izan ere, hamabi kideetatik bederatzi Sortukoak izango dira, eta EAk, Aralarrek eta Alternatibak bina ordezkari edukiko dituzte. Azkenik, Maddalen Iriarte independienteak ere zuzendaritzan hartuko du parte. Irizpide horrek zatiketa eragin du Eusko Alkartasunaren baitan.
Halaber, zuzendaritzaren osaketan ezarritako lurralde eta genero irizpideen aurka agertu dira Sortuko hainbat kide. Batetik, hamar kide gipuzkoar egongo dira, hiru bizkaitar, arabar bat eta lau nafar; bestetik, 13 gizonak dira eta 6 emakumeak.
Kongresua dokumentu politikoaren eta estatutuen bozketarekin hasiko da, ateak itxita. Horrez gain, Kontu eta Berme batzordeak aukeratuko dituzte.
Ondoren, ekitaldi politikoa amaitzen denean, adierazpen politiko bat onartuko dute, Mahai Politikoaren bozketaren emaitzak jakinarazteaz gain. Arnaldo Otegik hitzaldia emango du kongresua bukatzeko.