Politika -
Nafarroa
Gorenak Auzitegi Nazionalaren esku utzi du Iruñeko istiluen auzia
Auzitegi Gorenaren arabera, martxoaren 11n Iruñean izandako istiluak terrorismo delitu izan daitezke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Aretoak ebatzi duenez, 2017ko martxoaren 11n Iruneko Alde Zaharrean izandako istiluak terrorismo delitu izan daitezke. Hori dela eta, Auzitegi Nazionalari eman dio auzia ikertzeko eskumena.
Gaur ezagutarazi den auto batean Gorenak adierazi duenez, "herritarren artean izua eta segurtasun falta sortzera bideratuta zeuden jokabideak" izan ziren Iruñeko manifestazioaren ondoren. Hori kontuan hartuta, gertaerak Zigor Kodeko 573. artikuluko terrorismo delitu gisa sailka daitezkeela ebatzi du. Ez hori bakarrik, lesio, kalte, desordena publiko, sute eta atentatu delituak egon daitezkeela azpimarratu du.
Iruñeko 4. Instruzkio Epaitegiaren eta Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Epaitegiaren artean sortutako konpetentzia galdeari buruzko ebazpena ematerakoan, Gorena bat etorri da Fiskaltzaren irizpidearekin.
Hasiera batean, auzia Auzitegi Nazionalaren esku uztearen alde agertu zen Iruñeko Epaitegia; gerora, iritziz aldatu eta gertakariak Nafarroako hiriburuko Probintzia Auzitegiak epaitzea ebatzi zuen, hain zuzen ere, delitu larria izanagatik delituak larriak izanagatik desordena publikoen barruan koka zitezkeelako.
Gorenak azpimarratu duenez, Nafarroako Auzitegiak gertakarien larritasuna onartu zuen eta atxilotuak behin-behinean espetxean mantentzearen alde agertu zen.
Istiluen ondorioz atxilotutako lau lagunetatik hiruk espetxean jarraitzen dute. Laugarrena, adin txikikoa, aske gelditu zen.