Politika -
Atentatua Berlinen
Poliziak ez du deliturik ikusten Iñaki Ellakuriaren aurkako irainetan
Pertsona ugarik jo zuten gazte bilbotarraren aurka sare sozialetan Estatu Islamikoak Alemanian egindako atentatuan zauritu ostean, eta EH Bilduk Senatura eraman du gaia.
agentziak | erredakzioa
Jose Antonio Nieto Estatuko Segurtasun idazkariak jakinarazi du Espainiako Poliziak ez zuela deliturik atzeman Internet bidez Berlingo atentatuan zauritu zen ikasle bilbotarrari egin zizkioten irainetan.
Horixe adierazi du Senatuko Barne Batzordean, Jon Iñarritu EH Bilduren bozeramailearen galdera bati erantzunez.
Iñarrituk Iñaki Ellakuriaren aurka sare sozialetan izan ziren irainak aipatu ditu. 21 urteko bilbotarra Estatu Islamikoak Alemaniako hiriburuan abenduan egin zuen atentatuan zauritu zen. Guztira 12 pertsona hil ziren.
Senatariak azaldu duenez, Ellakuria "ezker subiranistaren jarraitzailea" da, eta horregatik pairatu zuen "irain kanpaina". Mezu horietako batzuetan ez suspertzea eta "errematatzea" eskatzen zuten, atentatuak bi hankak hautsi zizkiola jakin ostean.
Horren aurrean, Espainiako Gobernuak ea zergatik ez duen hor terrorismoaren gorazarrerik ikusten hor galdetu dio Iñarrituk Nietori, eta "ETAren biktima bat izan balitz, erantzuna beste bat izango zatekeen", gaineratu du Iñarrituk, "bi neurgailu" baitaude antzeko gertakarien aurrean.