Politika -

Presoak

Legebiltzarra, kartzela politika propioaz lantaldea sortzearen aurka

EH Bilduren ekimena zen, Elkarrekin Podemosek soilik babestu du, eta EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute. Eskumena Jaurlaritzaren esku geratzen denean politika hori erabakia izatea zen helburua

Urkullu eta Larrion, Legebiltzarrean. Argazkia: Efe
Urkullu eta Larrion, Legebiltzarrean. Argazkia: Efe
Legebiltzarrak ez du eratuko espetxe-politika aztertzeko Lantalde berezirik

1:31

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak errefusatu egin du kartzela politika propioa jorratzeko lantaldea sortzea, EH Bilduk eskumena transferitzen denerako proposatutako ekimena.

EAJk, PSE-EEk eta PPk koalizio abertzalearen ekimenaren aurkako bota eman dute, eta Elkarrekin Podemosen babesa jaso du soilik.

Jone Goirizelaia EH Bilduren legebiltzarkideak ekimena defendatzeko azpimarratu du garrantzitsua dela Eusko Legebiltzarrak zein kartzela politika nahi duen erabakitzea eskumenaren transferentzia iritsi baino lehenago, Estatuan indarrean dagoenaren kontra dagoelako.

"Ez dugu eredu hori dagoen moduan ekarri nahi", adierazi du Goirizelaiak. Hala, esan du EH Bilduk euskal gizartearen beharretara egokitutako politika propioa nahi duela alor horretan, "herrialde mailako politika" egin nahi duelako, eta gogor kritikatu du eztabaida Legebiltzarrera eraman nahi ez izatea.

EAJtik, Joseba Zorrilla legebiltzarkideak erantzun du 38 urte daramala transferentzia eskatzen, eta PSE-EErekin egindako gobernu-itunean jasota dagoela.

Hala eta guztiz ere, transferentzien kontua Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak Batzorde Mistoan jorratu beharrekoa dela gaineratu du, eta lantaldearen sorrerak ez duela prozesua azkartuko.

Alexia Castelo PSE-EEko kideak gogorarazi du Patxi Lopez lehendakari zenean ere ez zutela lortu transferentzia, baina ez dutela etsi, eta Maria Jesus San Joseren Lan eta Justizia Sailean kartzela ereduaren azterketarako eta lerro estrategikoen definiziorako lantaldea badagoela.

Juan Luis Uria Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak egoki jo du lantaldearen sorkuntza, eta EAJk babestu ez izana gaitzetsi du. Horren harira, Uriak jeltzaleei galdetu die kartzela politika propioa nahi duten ala ez.

Nerea Llanosek (PP) argitu du ez dagoela eztabaidaren kontra, baina esan du lantaldeak ezin duela transferentzia nola egin zehaztu, Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren egitekoa dela hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra argazkiak Presoak argazkiak EH Bildu Bizkaia PSE-EE albisteak Euskadiko PP bideoak Eguneko albisteak