Politika -
Sanchezen zuzendaritza berria
Patxi Lopez eta Odon Elorza PSOEren zuzendaritza berrian izango dira
Lehendakari ohia Lurralde Politika idazkaria izango da, eta Elorzak Gardentasun eta Demokrazia Parte-hartzailea saila zuzenduko du. Santos Cerdan nafarra ere izango da zuzendaritza taldean.
Agentziak | Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakari sozialista, Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta diputatu sozialista eta Santos Cerdan PSNko Antolakuntza idazkaria Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiaren zuzendaritza berrian izango dira.
Aurrerantzean, Patxi Lopez Lurralde Politikako idazkaria izango da. Lopezena iragarritako azken "fitxaketa" da; izan ere, denbora eskatu omen zion Sanchezi proposamena hausnartzeko.
Lopez Sanchezekin eta Susana Diazekin lehiatu zen PSOEko idazkari nagusi izateko, eta bozketa izan eta astebetera, Sanchezek bere zuzendaritzan sartzeko proposamena egin zion.
Bestalde, Odon Elorzak Gardentasun eta Demokrazia Parte-hartzailea Saila zuzenduko du. Donostiako alkate ohia Rajoyri ezetz esan zioten diputatuen taldekoa izan da eta hainbat hilabetez babesa eskaini dio Pedro Sanchezi.
Santos Cerdan Nafarroako sozialisten Antolakuntza idazkaria, berriz, zuzendaritza berriko Antolakuntza Saileko kide izango da. Cerdan izan zen, hain justu, Pedro Sanchezen 57.369 abalak 26 kutxatan PSOEren Ferrazeko egoitzan entregatu zituena.
Lastra, idazkariorde nagusi, eta Abalos, Antolakuntza idazkari
PSOEren primarioetan Pedro Sanchezen kanpainako koordinatzaile izan zirenak, Adriana Lastra diputatu asturiarra eta Jose Luis Abalos valentziarra, PSOEren idazkariorde nagusi eta Antolakuntza idazkari izango dira, hurrenez hurren, gertuko iturriek jakitera eman dutenez.
Lastra eta Abalos Sanchezen konfiantza handiko pertsonak dira, eta PSOEren organigrama berriko postu garrantzitsuenetako bi izango dituzte, erabakimen handikoak.
Hala eta guztiz ere, izendapen horiek guztiak Batzorde Federalak berretsi beharko ditu datorren asteburuan.