Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Jaurlaritzak baimendu egin du ezker abertzalearen Bilboko ekitaldia

Eloy Velasco epaileak ere ekimena egiteko baimena eman du. PPk, berriz, ekitaldia "galarazteko" eskatu dio Jaurlaritzari, "ETAren lagunek" antolatu dutelakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak baimendu egin du ezker abertzaleak ostiralean, Bilbon, egin behar duen ekitaldi politikoa eta, "egungo legedia bete dadin", Ertzaintzak gertutik zainduko duela jakinarazi du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak.

Radio Euskadiri izandako elkarrizketa batean, Aresek bilbotar talde batek deitutako manifestazioa izan du hizpide. Izan ere, antolatzaileek Herrizaingo Sailak proposatutako ibilbidea errefusatu eta ekitaldi politiko bat egitea erabaki dute.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak ere ekitaldia egiteko baimena eman du; deialdiaren "ezaugarriak" eta "leloa" Donostian egin zuten ekitaldiaren berdinak direla gogoratu du epaileak.

Jaurlaritzako agintariak esan du Bilboko Aste Nagusiko "segurtasuna eta herritarren bizikidetza ona bermatzeko" proposatu zutela manifestazioaren ibilbide alternatiboa.

"Ez dute ibilbide alternatiboa egin nahi izan, manifestazioa hasteko lekuan geratu nahi dute, eta hala egingo dute; ea normaltasuna nagusitzen den", adierazi du Aresek. Edonola ere, Ertzaintzak ekitaldi politikoa gertutik zainduko du "egungo legedia bete dadin".

Aresek esan du ez dakiela ze ekitaldi politiko mota egin behar duten eta "adierazpen bat" irakurriko dutela aurreikusi du: "Gauza bera egin zezaketen ibilbidea Aita Donostiaraino eramanda ere".

Baina Aresen arabera, "konfiantza gutxi dute mobilizatzeko duten gaitasunarengan eta horregatik nahiago dute Zabalburun kontzentratu".

PPk debekatzeko eskatu du

PPk ezker abertzalearen ekitaldi politikoa "galarazteko" eskatu dio Herrizaingo sailburuari, "ETAren lagunek" antolatu dutelakoan.

Prentsa-agiri batean Carlos Urquijo legebiltzarkideak zabaldu duenez, Herrizaingo Sailak ekitaldia "ez debekatzea akatsa" izango litzateke, ezker abertzaleak "ahuldade sintoma gisa" ulertuko duelako.

"Ez zuten jaiak gelditzea lortu"

Bestalde, Bilboko Konpartsak elkarteko kideek atzo egin zuten plantoari buruz, "jaiak gelditzen saiatu zirela eta ez zutela lortu" ondorioztatu du Herrizaingo sailburuak. Aresek euskal irrati kateari adierazi dionez, "justu kontrakoa" izan zen eta jaiak aurrera jarraitu zuen "normaltasun osoz". Areatza "jendez gainezka" omen zegoen eta ostalaritza establezimendu gehienak "irekita".

Plantoa egiteko arrazoia ez zen jai ereduarengatik izan, Aresen ustez, "terrorismoa goratzeko, ETAkideei omenaldia egiteko, txosnak erabili zituzten konpartsei elkartasuna helarazteko" baizik.

"Gero, plantoa jai eredua defendatzeko ekintza gisa mozorrotu dute. Baina Aste Nagusiaren eredua ez dago arriskuan, ezin dena da jaiak edo txosna bat terrorismoa goratzeko erabili", gaineratu du Jaurlaritzako agintariak.

''Kale borroka'' ekintzak

Aresen arabera, "argi dago ''kale borroka'' ekintzak badaude erradikal abertzaleek onartzen dutelako dela", izan ere, "kale erasorik ez egiteko erabakia hartzen dutenean, lortzen dute".

"Haien baitan desadostasunak daudelako ez badituzte gelditzen, argi esan eta kontrako jarrera agertu behar dute, anbiguotasunik gabe", azaldu du indarkeriaren erabilerari buruz ezker abertzalearen barruan dagoen balizko zatiketaren inguruan.

Andoaingo sutea erasoa izan zen

Herrizaingo sailburuak baieztatu egin du iragan astean Andoainen erre zituzten bi kamioien kasua ''kale borroka'' izan zela, "agerikoa da abiadura handiko trenarekin zerikusia duten enpresen kontrako sabotajea izan zela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea