Politika -

Atutxa auzia

Atutxa, Legebiltzarraren duintasuna zapaltzen utzi ez dutelako harro

Estrasburgoren erabakiaren berri jaso ondoren, Andoni Ortuzarrek eta beste hainbat buruzagi jeltzalek harrera egin diote Eusko Legebiltzarreko presidente ohiari.

Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohia. Argazkia: EFE
Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohia. Argazkia: EFE
Atutxa: 'Ez genion utzi Legebiltzarrari duintasuna galtzen'

2:02

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohia "oso pozik" agertu da Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortzeko hartutako erabakiarekin. Halaber, harro mintzatu da 14 urtean Legebiltzarraren duintasuna zapaltzen utzi ez dutelako.

Estrasburgoren erabakiaren berri jaso ondoren, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta beste hainbat buruzagi jeltzalek harrera egin diete Eusko Legebiltzarreko presidente ohiari eta haren emazteari Sabin Etxearen kanpoaldean.

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, 14 urteotan bizitako "bidegabekeria" salatu du: "Manipulazio eta gehiegikeria latz baten biktima izan ginen". "Gauza oso larriak gertatu izan dira herri baten borondatetik jaiotako parlamentu bat belauniko jartzea helburu", adierazi du. Dena den, 2003an egindakoa berriro egingo lukeela ziurtatu du.

Legebiltzarreko presidente ohiak azaldu duenez, gaur goizean Kontxi Bilbao eta Gorka Knorr gainerako bi akusatuekin hitz egin du, eta baita auzia birritan artxibatu zuen Euskadiko Auzitegi Nagusiko Manuel Maria Zorrilla presidentearekin ere.

Gorka Knörr, bere aldetik, gustura agertu da ebazpenarekin, eta "urte hauetan" jasotako babesa eskertu du.

Erreakzioak

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du "eredugarria" izan zela hiruen jokabidea, eta "errekonozimendu instituzional, politiko eta pertsonala" merezi dutela.

Legebiltzarreko egungo presidenteak, Bakartxo Tejeriak, zorionak eman dizkie hiru akusatuei, eta gogorarazi du beti defendatu dutela errugabetasuna "Legebiltzarrak beste botere batzuen aurrean duen autonomia defendatu" dutelako.

Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiaren bozeramaileak esan du ebazpenak agerian uzten duela "politika judizializatzeak edo justizia politizatzeak giza eskubideak kaltetzen" dituela.

Eusko Alkartasunaren arabera, berriz, ebazpenak erakusten du "Espainiako Justizia kolpeka eta erabaki politikoen arabera" mugitzen dela "Euskal Herriko gatazka politikoarekin zerikusia duen guztian".

"Atutxa auzia"

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du, Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohiaren eta Kontxi Bilbao eta Gorka Knorr Mahaiko kide ohien kontra zabaldutako auzian akusatuei euren burua defendatzeko aukerarik ez emateagatik.

2008an desobedientziagatik zigortu zituen Gorenak, Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik. Bost urte geroago zigor hori berretsi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Bidezko epaiketa bat izateko eskubidea urratu zitzaiela argudiatuta, Estrasburgora jotzea erabaki zuten Atutxak, Bilbaok eta Knorrek 2014an, eta gaur etorri da haren erantzuna.

Estrasburgoko Auzitegiak ezarritako zigorraren arabera, Espainiak euro bana ordaindu beharko die Atutxari, Bilbaori eta Knorri egindako kalte moralagatik (eurek eskatutako kopurua da), eta 600 euro, prozesuaren gastuengatik.

Erabakia aho batez hartu dute epaileek. Espainiako Gobernuak hiru hilabeteko epea du orain helegitea aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra albisteak Auzitegi Gorena argazkiak Eguneko albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala Estrasburgoko Auzitegia epaiketak