Politika -

Atutxa auzia

Estrasburgok arrazoia eman die Atutxa, Knorr eta Bilbaori

Europako auzitegiak Espainia zigortu du Legebiltzarreko kideei bidezko epaiketa bat izateko eskubidea ez bermatzeagatik.

Atutxa, Bilbao eta Knörr, artxiboko irudi batean. EiTB
Atutxa, Bilbao eta Knörr, artxiboko irudi batean. EiTB
Estrasburgok arrazoia eman die Atutxa, Knorr eta Bilbaori

1:29

E.G. | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzi urtera etorri da erabakia. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du Atutxa auzia dela eta. Gorenak Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente eta Kontxi Bilbao eta Gorka Knorr Mahaiko kide ohien kontra zabaldutako auzian akusatuei euren burua defendatzeko aukerarik ez emateagatik zigortu dute Espainia.

2008an desobedientziagatik zigortu zituen Gorenak, Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik. Bost urte geroago zigor hori berretsi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Bidezko epaiketa bat izateko eskubidea urratu zitzaiela argudiatuta, Estrasburgora jotzea erabaki zuten Atutxak, Bilbaok eta Knorrek 2014an, eta gaur etorri da auzitegiaren erantzuna.

Batasunaren ilegalizazioa (2003) du iturburu auziak. Sozialista Abertzaleak (SA) Batasunaren ondorengo zela argudiatuta, taldea desegiteko agindua eman zion Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarri. Ganberako Mahaiak, ordea, agindua ez betetzea erabaki zuen, hala egitekotan Legebiltzarreko araudia urratuko lukeela ulertuta. Desobedientzia delitua egotzita, Gorenak Atutxa, Bilbao eta Knorr zigortu zituen: 12-18 hilabeteko gaitasungabetzea eta 12.000 eta 18.000 euroko isuna ezarri zien.

Gorenak ez zituen akusatuak entzun

Estrasburgoko Auzitegiak gaur emandako ebazpenaren arabera, Giza Eskubideen Konbentzioaren 6.1 artikulua urratu zuen Espainiak. Hau da, ez zien akusatuei bidezko epaiketa bat bermatu, ez baitzien euren burua defendatzeko aukerarik eman.

Hala, Espainiak euro bana ordaindu beharko die Atutxari, Bilbaori eta Knorri egindako kalte moralagatik (eurek eskatutako kopurua da), eta 600 euro, prozesuaren gastuengatik.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uste du Gorenak "dedukzioa erabilita eman zuela epaia, akusatuen arrazoiak entzun gabe. Akusatuek ez zuten aukerarik izan desobeditzeko asmorik ez zutela azaltzeko". Horren harira, EAEko Auzitegi Nagusiak eta Auzitegi Gorenak emandako epaiak alderatu ditu Estrasburgok. Atutxaren, Bilbaoren eta Knorren azalpenak entzun eta gero, hirurak absolbitu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak. Gorenak, berriz, ez zuen saiorik egin, eta "egoera subjektiboak" baliatuz eman zuen epaia.

Estrasburgok gogorarazi duenez, Auzitegi Konstituzionalak berretsi egin zuen Gorenaren epaia, baina hiru epailek boto partikularra eman zuten, akusatuek bidezko epaiketa bat izateko aukerarik ez zutela izan nabarmentzeko.

Erabakia aho batez hartu dute epaileek. Hiru hilabeteko epea du orain Espainiako Gobernuak helegitea aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Batasun europarra Eusko Legebiltzarra argazkiak Auzitegi Gorena Europako herrialdei buruzko albisteak Espainia Gaurko azken ordukoa Auzitegi Konstituzionala Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur