Politika -
Barne prozesua Eh Bildun
'EH Bilduren prozesua ibilbide baten jarraipena eta beste baten hasiera da'
Aitziber Ibaibarriaga eta Diana Urrea EH Bilduko kideek baieztatu dutenez, 'herri honek nahi eta behar duen alternatiba politikoa guztion artean eraikitzera goaz'.
eitb.eus
Aitziber Ibaibarriaga eta Diana Urrea EH Bilduko ordezkariek hedabideen aurrean agertu dira igande honetan, eta kide diren koalizioaren barruan egiten ari den aldaketako barne prozesuaren inguruko adierazpenak egin dituzte.
Horrenbestez, gogora ekarri dutenez, EH Bilduren "prozesu eratzailea fase erabakigarrian" sartuko da orain; izan ere, astelehenetik aurrera barne karguetara aurkeztutako pertsonak aukeratzeko modua izango dute koalizioaren oinarriek. Bestalde, datorren larunbatean (ekainaren 17an) EH Bilduren lehen kongresua egingo dute, Bilboko Euskalduna jauregian, eta bertan Eztabaidarako Dokumentua eta estatutuak bozkatuko dituzte.
Urreak adierazi duenez, EH Bildu osatzen duten guztiek jakitun dira "herri honentzat ezinbestekoa den tresna politikoa" dutela esku artean, eta tresna hori "herri hau osatzen duten emakume eta gizonen beharretara eta nahietara" egokitu behar dutela. "Horretarako jarri genuen abian prozesu eratzaile hau. Behin fase determinantean sartuta, EH Bildu osatzen dugun guztiok ulertu behar dugu hitza eta erabakiak hartuta bakarrik lortuko dugula EH Bildu indartzea eta herri honek behar eta merezi duen tresna eraginkorra bilakatzea", azaldu du.
"Jakitun gara hau prozesu eratzailea dela eta, izenak dioen bezala, abiapuntua baino ez dela hau guzti hau", azpimarratu du Urreak. Bere esanetan, EH Bilduk gaur egun bizi duen barne prozesua "azken 6 urteotako ibilbidean ditu oinarriak", eta hortik abiatuta "ibilbide berri bat" hasiko dute.
Erantsi duenaren arabera, "duela 6 urteko ilusio berarekin ekiten diogu ibilbide honi, herritarren egiazko beharrak erantzutera datorren eta herri hau beste eszenario batera eraman nahi duen alternatiba eta tresna politikoa guztion artean eraikitzeko aukera ematen duelako", eta honako dei hau luzatu du: "Goazen bada, EH Bildu indartzera. Goazen bada, herri honek nahi eta behar duen alternatiba politikoa guztion artean eraikitzera. Goazen ezkerreko subiranista guztien etxea guztion artean eraikitzera".
'Desadostasunak prozesuaren naturaltasunaren parte dira'Bestalde, prozesuan zehar koalizio barruan agertu diren desadostasunen harira, Urreak azaldu du desadostasun horiek "prozesuaren naturaltasunaren parte" direla.
"Normala da desberdinen artean erabakiak hartzen direnean, era bateko edo besteko desadostasunak egotea. Herritarrei hitza ematearen naturaltasunaren parte da. Beraz, iritzi desberdinak egiten ari garen prozesu honen naturaltasunaren parte dira ere", errepikatu du.