Politika -
Barne hauteskundeak
Raquel Gonzalez Llanosi gailendu zaio eta PPren buru izango da Bizkaian
Botoen % 56 eskuratu du, Llanosek baino 73 gehiago. Gonzalezek Carlos Iturgaiz izango du aldamenean idazkariorde gisa.
agentziak | erredakzioa
Raquel Gonzalez Getxoko zinegotzia aukeratu dute PPren Bizkaiko presidente izateko 317 botorekin, Nerea Llanos beste hautagaiak baino 73 gehiago eskuratuta.
% 56ko babesa jaso duen presidente berriak Gonzalo Machin legebiltzarkide eta batzarkide ohia aukeratu du idazkari nagusi izateko; eta koordinatzaile eta bozeramaile Eduardo Andrade izango da, Getxoko udalean zinegotzi dena.
Idazkariordeak Carlos Iturgaiz eurodiputatua, Esther Martinez, Cristina Ruiz, Iñigo Marco-Gardoqui, Aiala Eguiluz, Juan Carlos Castaño, Carlos Abajo eta Carlos Garcia izango dira.
Marisa Arrue, Pilar Aresti, Ascension Pastor eta Gonzalo Zorrilla ere lantaldean sartuko dituela jakinarazi du.
Soslaia
Raquel Gonzalez PPren Bizkaiko presidente berria ez da oso ezaguna Bizkaia mailan, baina Getxon urteak daramatza zinegotzi karguan.
40 urteko emakumeak bi seme-alaba ditu, Guardia Zibila baten alaba da, eta La Salveko eta Algortako kuarteletan bizi izan zen.
Gonzalez 2002an sartu zen PPn, eta bost urtera kargu publikoa eskuratu zuen Getxon. Orain arte izan duen kargu publiko bakarra da, 2015ean PPren Senaturako zerrendaburu izan bazen ere.