Politika -
Bizkaia eta Gipuzkoa
Pintaketak egin dituzte EAJren, PSE-EEren eta PPren 9 egoitzatan
Iñaki Bilbao gose greba egiten ari den ETAko presoaren eta independentziaren aldeko mezuak idatzi dituzte, besteak beste.
agentziak | erredakzioa
Iñaki Bilbao gose greba egiten ari den ETAko presoaren eta independentziaren aldeko pintaketak egin dituzte bart EAJren bost egoitzatan, PSE-EEren hirutan eta PPren batean, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Lezamako, Larrabetzuko, Igorreko, Portugaleteko eta Tolosako batzokiak pintaketekin esnatu dira gaur goizean. PSE-EEren kasuan, berriz, Santurtziko, Getxoko eta Lasarte-Oriako egoitzei egin diete eraso. PPk Getxoko Areetan duen egoitzan ere pintaketak agertu dira.
Kasu gehienetan "Iñaki Bilbao Txikito, Gose Greban, independentzia, amnistia, sozialismoa" irakur zitekeen, eta EAJren kasuan "PNV carcelero" eta "Hiltzaileak" ere idatzi dute.
Bizkaiko EAJk prentsa-ohar batean azaldu duenez, "onartezinak" dira pintaketak "bide politiko eta demokratikoak soilik erabiltzeko" estrategiarekin, eta bakea eta bizikidetza lortzeko bidea "hondatzen" dute.
Bestalde, lurralde bereko PSE-EEk "intolerantziaren arrastoak" direla, eta "itzultzea nahi ez dugun iragan batean iltzatuta geratu direnek" egin dituztela salatu du.