Politika -
EH Bildu zuzentzeko hautagai
Sortuko idazkari nagusi izateari utzi dio Otegik
EH Bilduko koordinatzaile nagusi izateko hautagai bakarra izanda, bi karguak "bateraezinak" direla uste du Otegik.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegik gaur iragarri duenez, Sortuko Idazkaritza Nagusia utziko du ekainaren 17an, EH Bilduko koordinatzaile nagusi bihurtzeko. Izan ere, Otegik uste du bi kargu horiek "bateraezinak" direla. "Karguak pilatzea ez da egokia, are gutxiago, ezker mugimenduan", azaldu du.
Otegik prentsaurrekoa eskaini du gaur Donostian Miren Zabaletarekin eta alderdiko beste kide batzuekin batera, eta, bertan nabarmendu duenez, EH Bildu osatzen duten lau alderdiek koalizioko koordinatzaile nagusi izateko hautagai bakarra proposatu zutela jakin zuenean, maiatzaren amaieran, kargua Sortuko Kontseilu Nazionalaren esku utzi zuen, eta honek onartu egin zion.
Sortuk irailean egingo duen Konferentzia Politikoan aukeratuko du idazkari nagusi berria. Kontseilu Nazionalak alderdiko zuzendaritza taldearen kide bat proposatuko du kargurako.
Otegiren esanetan, bi karguak "bateraezinak" dira, eta "hiperburuzagitzak eta karguak pilatzea" saihestu behar da.
"Anitza izan nahi duen eta herri honetako ezker soberanistaren etxea izan nahi duen subjektu politikoari zor zaion errespetuagatik, koordinatzaile nagusiaren kargua eta Sorturen idazkari nagusiarena ez dira bateragarriak", azpimarratu du.
Alderdiaren Kontseilu Nazionala iritzi berekoa dela esan du Miren Zabaleta Sortuko buruzagiak. Hala, EH Bilduko militantziak Otegi koordinatzaile nagusi karguan berresten duenean, Sortuko idazkari nagusi izateari utziko diola gaineratu du.
"Koalizio formatua gaindituta dago"
EAren Kongresua eta alderdi horren bi barne sektoreek lortutako adostasuna hizpide hartuta, Otegik esan du "koalizio formatua gaindituta" dagoela. Horren esanetan, "filosofikoki" ados daude EAko zuzendaritzak defendatzen duen "aniztasunarekin", baina koalizio formatua gainditutzat eman du.
"Horrek ez du esan nahi alderdiak desagertu behar direnik, edota bere autonomia esparrua mantendu behar ez dutenik. Herri honetan milaka pertsona daude EH Bilduren proiektuarekin identifikatzen direnak, baina ez dira Sorturekin, Aralarrekin, Alternatibarekin edota EArekin identifikatzen", erantsi du.
Halaber, Otegik iragarri duenez, EH Bilduk bozeramaile ugari edukiko ditu, EAko kritikoek eskatu bezala: "20 idazkaritza izango dira, eta bakoitzak bere bozeramailea izango du. Lau alderdiek ere izango dute berea, erakunde publikoetakoak izango dira...".