Politika -
Ertzainei omenaldia
Jihadismoa eta zibersegurtasuna jo ditu Urkulluk Ertzaintzaren erronkatzat
Lehendakaria polizia lanarengatik dominak emateko eta zerbitzuan hildako ertzainen omenezko ekitaldiaren buru izan da igande honetan.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak polizia lanarengatik dominak emateko eta zerbitzuan hildako ertzainen omenezko ekitaldiaren buru izan da igande honetan, Ertzaintzaren Erandioko (Bizkaia) instalazioetan. Berarekin batera bertan izan da Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu burua ere.
Ekitaldia minutu bateko isilunearekin hasi da Londresko atentatuan izandako biktimen omenez, eta bertan orotara 36 ertzain saritu eta zoriondu dituzte, bai merezimendu bereziko egintzetan parte hartzeagatik bai egindako polizia-lanarengatik edo Ertzaintzaren ospea hobetzeko egindako lanarengatik.
Bere mintzaldian zehar, Urkulluk nabarmendu egin du "Ertzaintzaren belaunaldi aldaketari jarraipena emateari buruz" Espainiako Gobernuarekin adostutako hitzarmenaren "garrantzia", "autogobernua sendotzen duelako" eta "Segurtasun Batzordearen paper politikoa berreskuratzen delako".
Baieztatu duenez, aipatu akordioak "polizia integral gisa eta Euskadiko segurtasun publikoaren bermatzaile gisa Ertzaintzaren eskumenak guztiz gara daitezela" dakar.
Bestalde, Urkulluren esanetan, "Ertzaintzaren DNAren barruan daude bai bokazio europeista eta nazioartekoa izatea, bai beste polizia batzuekin hitzarmen estrategikoak izatea". Bere aburuz, modu horretan "berme gehiagorekin aurre egin daitezke egun mehatxatzen gaituzten segurtasun erronkak".
"Bereziki azpimarratu nahi ditut muturreko jihadismoa eta zibersegurtasunaren eremuan planteatzen diren erronkak", adierazi du lehendakariak.
Azkenik, "Ertzaintza euskal gizartearen adierazlea da eta hala izaten jarraituko du, orain inoiz baino gehiago", erantsi du Urkulluk.