Politika -

EA-ren kongresua

Pello Urizar aukeratu dute berriro Eusko Alkartasunako idazkari nagusi

EH Bildu "alderdien koalizio irekia" izatea adostu dute EAko bi sektoreek, alderdi bateko kide ez diren herritarrek ere tokia izan dezaten.

Pello Urizar izango da berriro EAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Pello Urizar izango da berriro EAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Oso alde txikiarekin Pello Urizar berretsi dute EAko idazkari nagusi

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar izango da berriro Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi, afiliatuen % 52ren babesa lortuta. Maiorga Ramirezek, berriz, botoen % 48 eskuratu ditu.

Orotara, Urizarrek 152 boto jaso ditu; eta Ramirezek, 138. Horrenbestez, Urizarrek hirugarren agintaldia abiatuko du EAren buruzagitzan.

Pello Urizarrekin batera, Iria Epalza (Komunikazioa), Mariano Alava (Antolakuntza) eta Iker Ruiz de Egino (Bozeramailea) izango dira EAren zuzendaritza berrian.

Bestalde, sektore ofizialak eta kritikoak akordioa lortu dute EH Bilduren eraberritze prozesuaren harira. Gai horrek sortu zuen bi sektoreen arteko zatiketa, EAk koalizioan izan behar zuen paperak, hain zuzen ere.

Arratsalde honetan, Kongresuaren azken egunean, iritsi dira bi aldeak adostasun batera eta itunak afiliatuen babesa izan du: 76 boto baietzaren alde, 20 ezezko eta 4 boto zuri.

EH Bilduri buruzko ituna

Bi aldeek lortutako akordioaren arabera, EH Bildu "oinarrizko antolakuntza egiturak eta koordinatzaile nagusi kargua izango dituen alderdien koalizioa" izatea defendatzen du EAk.

"EH Bilduko alderdien koalizio irekia izan behar du, alderdi bakoitzaren dinamikak eta erabakitze prozesuak errespetatuko dituena eta organo erabakitzaileetan alderdien ordezkariak nahiz alderdi horietako kide ez diren baina EH Bildun parte hartu nahi duten pertsonak egotea ahalbidetuta", dio itunak.

EH Bilduk administraziorako eta gobernurako organoak izan behar dituela eta organo horiek zuzentzea koordinatzaile nagusiaren lana izango dela eransten du.

Erabaki politikoak hartzeko batzorde mistoak sortzea proposatzen du EAk, hau da, alderdiak eta alderdietara afiliatu gabeko pertsonak bilduko dituen batzordeak. Gainera, EH Bilduk "bozeramaile korala" izatea aldarrikatzen du, koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariekin.

Erakundeetan eta ekitaldi publikoetan koalizioaren "aniztasuna agerian gera dadin", kuotak ezartzea eta erantzukizun postuetan txandakatzea proposatzen du, "alderdi guztiei presentzia orekatua izan dezaten".

Bestalde, alderdiren bateko kide ez diren herritarrak EH Bilduko afiliatu izateko bitartekoak abian jarri behar direla dio EAk, pertsona horiek koalizioaren baitan iritziak eman eta erabakitzeko ahalmena izan dezaten.

EH Bilduren afiliatu kopurua zehaztuta dagoenean, zerrendak osatzerako edo baren ardurak hartzeko dagokien kuotak zein izan beharko lukeen alderdien artean adostea proposatzen du.

Urizar eta Ramirez, pozik

Aipatu itunak bi sektoreen eskakizun asko biltzen ditu. Hori dela eta, Pello Urizarrek nahiz Maiorga Ramirezek positibotzat jo dute akordioa, adostasun batera iritsi ahal izateko batzuek eta besteek zenbait aldarrikapen alboratu behar izan dituzten arren.

Urizarrek azpimarratu du akordio honek "zatiketaren mamua" uxatzen duela eta EAk EH Bildurekiko duen jarrera "argitzen" duela.

Ramierezek esan du "oso pozik" egoteko akordioa dela eta erantsi du "EH Bildu anitzago baten aldeko apustua" egin duela EAk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EH Bildu Gipuzkoa Eusko Alkartasuna