Politika -
Larunbat honetan
Nafarroako banderaren aldeko manifestazioa egin dute Iruñean
"Gurea defenda dezagun" lelopean, milaka lagun bildu dira Nafarroako hiriburuan Ikurren Legearen indargabetzearen aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Herritar plataforma batek deitutako, eta UPN, PSN eta PP bezalako alderdiek babestutako, manifestazioa egin dute larunbat arratsalde honetan Iruñean, Nafarroako banderaren alde eta Ikurren Legearen indargabetzearen aurka. Nafarroako Parlamentuak bertan behera utzi du lege hori eta, horrenbestez, Nafarroako udaletxeetan ikurrina jartzea zigortzen zuen debekua indargabetuta geratu da.
Antolatzaileen aburuz, 22.000-25.000 lagun inguru bildu dira Iruñeko kaleetan; Iruñeko Udaltzaingoaren ustez, ordea, 15.000 inguru. Martxaren buruan Nafarroako bandera erraldoi bat izan dute, eta "Gurea defenda dezagun" lelopean manifestatu dira.
Ibilbidea Nafarroako Parlamentuan hasi eta Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean amaitu dute. Parte-hartzaileek Nafarroako eta Espainiako banderak eraman dituzte, eta hainbat oihu izan dira entzungai: "Nafarroa osoa eta bandera bakarra", "Barkos, dimititu ezazu, Nafarroak ez zaitu onartzen", "gure bandera nahi dugu, ez kanpokorik", "ez gaituzte engainatuko, Nafarroa Espainia da", "ikurrina, errietarako arrazoia".
Manifestazioa deitu duten herritarrek eta kolektiboek pankarta nagusia eraman dute, eta horien atzetik UPN, PSN eta PP alderdietako kideak jarri dira.
'Milaka nafarren aldarria'
Jai-giroan egin dute manifestazioa. Horren bukaeran, adierazpena irakurri dute, eta euren banderaren alde "milaka nafarrek egindako aldarria" entzuteko eskatu diote Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteari.
"Utz dezagun Nafarroako bandera dagoen lekuan, gure herriaren batasunaren eta aniztasunaren ikur gisa", adierazi dute. Gainera, "batasuna eta adiskidetasunaren aldeko deia" egin diote Nafarroako Gobernuari.
Bestalde, Javier Esparza UPNko presidenteak adierazi duenez, Ikur Legea indargabetu izana "Nafarroako banderari egindako iraina da". Dena dela, Nafarroako Gobernuak "hausnarketa egin dezan" espero du. "Mendeetako historia duen bandera daukagu", gaineratu du.