Politika -
EiTB Focus
PP lehen indarra Gasteizen, zinegotzi bat galduta; EAJk, bi gehiago
Hauteskunde-inkesta Arabako hiriburuko 400 pertsonari galdetuta egin da, EiTBk boto-asmoari eta gaurkotasuneko beste gai batzuei buruz galdetzeko EAEn eta Nafarroan egin duen galdeketaren baitan.
eitb.eus
Alderdi Popularrak (PP) Gasteizen lehen indar politikoa izatea lortuko luke berriro, udal hauteskundeak gaur egingo balira. Hala ondorioztatu du EiTB Focus lanak, Euskal Irrati Telebistak (EiTB) boto-asmoari eta gaur egungo beste hainbat gairi buruz galdetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egin duen ikerketak.
Makroinkesta Gizaker enpresak egin du EiTBrentzat. Arabako hiriburuan bizi diren 400 pertsonari galdetu zaie boto-asmoaren inguruan, aurreko udal hauteskundeak egin zirenetik bi urte igaro direnean, hau da, udalen legealdiaren erdian.
Gasteizen, PPk irabaziko lituzke berriro udal hauteskundeak, baina zinegotzi bat eta botoen % 4,5 galduko lituzke.
Hala ere, PPren eta EAJren arteko aldea murriztu egingo litzateke, PPk EAJk baino zinegotzi bat eta botoen % 3,5 gehiago lortuko bailituzke. Jeltzaleek bi ordezkari eta 5,6 puntu gehiago eskuratuko lituzkete.
EH Bildu hirugarren indarra bihurtuko litzateke, botoen ehuneko eta zinegotzi kopuru bera eskuratuta. PSE-EEk lau jarleku eta ia botoen ehuneko bera jasoko lituzke, eta Sumando-Podemosek bi ordezkariei eutsiko lieke, botoen % 0,5 galdu arren. Irabazi, berriz, ordezkaririk gabe geratuko litzateke, sei hamarren behera eginda.
Arabako hiriburuko gaur egungo udal gobernuak 5,6ko balorazioa lortu du, batez beste, eta galdetutakoen % 69,9k 5etik gorako nota jarri dio.
Gorka Urtaran alkatea eta Miren Larrion EH Bilduko ordezkaria dira nahiko lortu duten bakarrak; 5,3ko nota jaso dute biek.
Oscar Fernandez Irabazi alderdikoa eta Jorge Hinojal Sumando-Podemos alderdikoa 5etik gertu geratu dira, 4,8 eta 4,6 lortuta, hurrenez hurren. Isabel Martinez PSE-EEko kideak 4,3 jaso du eta Leticia Comeron PPko ordezkariak, 3,4.
Fitxa Teknikoa
EiTB Focus inkestatik atera dira datuak, eta EAEn eta Nafarroan bizi diren 2.350 pertsonarekin hitz eginda lortu dira. Emaitza nagusiak galdekatutako udalerrien biztanleriaren arabera haztatu dira.
Gasteizen gaineko datuak 400 pertsonari itaunduta lortu dira, eta laginaren akats-tartea ±% 4,90ekoa izan da.
Landa-lana 2017ko maiatzaren 16tik 20ra egin da elkarrizketak telefonoz eginez.