Politika -

Agiria

Erasoak bere estrategiatik kanpo daudela esan du ezker abertzaleak

Dena den, alderdi politiko ezberdinek eskatu dioten arren, ezker abertzaleak ez ditu azken egunotako erasoak gaitzetsi.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker Abertzalearen hitzetan, "soilik bide politiko eta demokratikoen erabileran oinarrituko da" Prozesu Demokratiko bat garatzeko bere apustua, eta hori hausten duen "edozein ekimen bere estrategiatik kanpo" geratzen dela gaineratu du, "edozein delarik azken egunotako gertaeren zioa".

Bart Gasteizko Zaramaga auzoan izandako kale erasoen ostean egin ditu adierazpenok ezker abertzaleak agiri batean.

Azken hamar egunotan eman den bosgarren kale erasoaren ostean, ezker abertzaleak esan du zenbait lekutan jaiak zein aldarrikapenak zenbait instituzio eta indar polizialen boikota jaso dutela, baina aurrera jotzen asmatu da, "probokazio errepresiboan erori gabe".

Ildo horretan, jasotzen ari diren gertaerak testuinguru jakin batean ematen ari dira ezker abertzalearen arabera. "Euskal Herriari eta euskal preso politikoei urratuak zaizkien eskubideen aldeko dinamika udarako ardatza izaten ari da, gaitasun mobilizatzaile handi batekin. Horrek gertaera horien atzean dinamika mobilizatzailea zapuzteko asmo politiko bat dagoela pentsarazten dio ezker abertzaleari", azaldu dute.

Bestalde, gertaera horietaz Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak, herri batzuetako alkateek eta alderdi politiko zein komunikabide gehienek burutzen ari diren erabilera politikoa salatu du ezker abertzaleak. Ildo horretan, "ezker abertzalea kriminalizatzeko eta sortzen ari den agertoki politiko berriaren aurrean blokeo egoera mantentzeko ahaleginean, erabateko arduragabekeri politikoa azaltzen ari dira", gaineratu dute.

Dena den, alderdi politiko ezberdinek eskatu dioten arren, ezker abertzaleak ez ditu azken egunotako erasoak gaitzetsi.

Azken astean beste lau eraso izan dira Zarautzen (30 zaborrontzi), Azkoitin (12 zaborrontzi), Ondarroan (hainbat zaborrontzi) eta Zallan (Correosen bulego bat erre zuten). Eraso horiek kale indarkeria izan direla adierazi du Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea