Politika -
Barne-hauteskundeak PSE-n
Unai Ortuzar PSEko zinegotzi ohiak Idoia Mendiarekin lehiatu nahi du
Lemoako hautetsi izan zen, PSOEren primarioetan Pedro Sanchez babestu zuen eta Alderdi Sozialistak EAJrekin egin zuen gobernu-akordioaren kontra dago.
Agentziak | Erredakzioa
Unai Ortuzar PSE-EEren Lemoako zinegotzi ohiak Alderdi Sozialistaren primarioetan parte hartzeko aurre-hautagaitza aurkeztu du.
2002an Patxi Lopezek Nicolas Redondo Terrerosek utzitako lekua hartu zuenetik, PSE-EEren baitan ez da arazorik izan eta orduz geroztik alderdia zuzentzeko hautagai bakarra izan da.
Mendiak 2014an hartu zuen idazkari nagusi kargua, estrategia edo ideologia kontuengatik baino, lurraldeka antolatuta dauden familia sozialista nagusien babesarekin.
Unai Ortuzar Lemoako sozialisten idazkari nagusia da. Bizkaiko herri txiki horretako hautetsi izan zen 2007tik 2015era bitartean. PSOEren primarioetan Pedro Sanchezen alde aritu zen lanean eta haren programa bere egin du PSE-EEren kongresuan aurkezteko.
Alabaina, Ortuzarrek ez du Euskal Autonomia Erkidegoan Pedro Sanchezen alde dauden sozialisten babesa.
Areago, Sanchezen aldeko euskal sozialistak gogor kritikatu ditu, PSE-EEren sektore ofizialarekin zerrenda bakarra adostu dutelako. Ortuzarrek bere zerrenda propioa aurkeztuko du larunbat honetan Alderdi Sozialistak egingo dituen "kongresu txikietan".
Nolanahi ere, badirudi ez duela aukera handirik izango Idoia Mendiari PSE-EEren zuzendaritza lehiatzeko. Ortuzarrek berak ere onartu du primariotan hautagai izateko beharrezkoak diren 528 abalak lortzea kostatuko zaiola.
Hala ere, ziur agertu da uste baino boto gehiago jasoko dituela eta "ezustekoa" emango duela. Alderdi Sozialistak EAJrekin egin duen gobernu-akordioaren kontra dago.
PSE-EEk uztailaren 9an egingo ditu barne-hauteskundeak.