Politika -

Kale indarkeria

Alonso: "Ikus ditzatela errautsak aldaketaz hitz egiten dutenek"

Gasteizko jarduneko alkateak gaitzetsi egin du kontainerren erreketa eta azpimarratu "gasteiztarren gehiengo zabalari nazka ematen diola burugabe horien ekintzak".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Alonso Gasteizko jarduneko alkateak gaitzetsi egin du bart Arabako hiriburuan kaputxadunek kontainerrak erre izana eta ezker abertzalean "ziklo aldaketa bat" eman dela diotenei azken erasoen "errautsak ikusi besterik ez dutela" esan die.

Alonsok bart Gasteizko Zaramaga auzoan izandako kale erasoaren harira egin ditu adierazpenok. Bi zaborrontzi kiskalita geratu dira sei kaputxadunek egindako eraso baten ondorioz.

"Gasteiztarren gehiengo zabalari nazka ematen dio burugabe horiek hiri-altzariei su eman izana", adierazi du jarduneko alkateak.

Alonsok ezker abertzalean "ziklo aldaketa bat" ikusi dutenei egin die erreferentzia eta Zaramaga auzora edo Azkoitiara (Gipuzkoa) joan daitezela eskatu die, "geratu diren errautsak ikus ditzaten" eta "erradikalen benetako aurpegia ezagutzeko".

"Badakigu buruzagiek gelditzeko agindua ematen badute gelditu egingo direla, eta ekiteko esaten badute, ekingo dutela, beraz, ez dute inor engainiatuko", gaineratu du.

Hori dela eta, Alonsok egungo "zero tolerantzia politika" babestu du, "emaitza ikaragarri onak ematen ari delako eta indarkeriazko ekintza horiek gero eta puntualagoak izatea lortu duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea