Politika -
Manchesterreko atentatua
Alerta mailari (4) eustea erabaki du Barne Ministerioak, zaintza indartuta
"Jendetza biltzen den ekitaldien hasieran eta bukaeran tentsioa mantentzeko" eskatu die segurtasun indarrei mehatxu terrorista aztertzeko Mahaiak.
Agentziak | Erredakzioa
Manchesterreko atentatuaren ondotik, 2015eko ekainetik Espainiar Estatuan dagoen alerta mailari (4.a, 1etik 5erako eskalan) eustea erabaki du Barne Ministerioak. Erabakia mehatxu terrorista aztertzeko Mahaiaren bileraren ondotik jakinarazi du Juan Ignacio Zoido Barne ministroak. Ministerioko arduradunekin batera, Polizia Nazionaleko, Guardia Zibileko, Esquadra Mossoetako eta Ertzaintzako arduradun nagusiak izan dira batzarrean.
Dena dela, zaintza indartuko dutela azpimarratu du ministroak, eta, horrela, "jendetza biltzen den ekitaldien hasieran eta bukaeran tentsioan egoteko" eskatuko diete segurtasun indarrei.
Zoidok argitu duenez, Manchesterreko ekintzaile suizidak ez du Espainiako Estatuarekin loturarik, "ez dago horren zantzurik, behinik behin". Hala, lasaitasunerako deia egin du, 4. alerta mailak eskatzen duen "ardura" baztertu gabe.
Estatuan atentatuak "berehala" egiteko arriskua dagoenean ezarri ohi da alerta maila gorena (5). Kasu horietan, Armada zabaldu ohi da azpiegitura, komunikazio lotune eta jendetza biltzen den lekuetan. Erresuma Batuak asteartean igo zuen alerta maila, eta Frantziako Gobernuak ere larrialdi egoera luzatzea eskatuko du.
Kopako finalari begira, segurtasun neurriak
Larunbatean, maiatzaren 27an, Errege Kopako finala jokatuko dute Bartzelonak eta Alavesek, Madrilen. Halakoetan jendetza biltzen dela eta, segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte. Hala, 2.500 polizia eta larrialdietako langile izango dira Vicente Calderon estadioa eta ingurua zaintzen. Arrisku handiko partida dela uste dute adituek, eta istiluak saihesteko hainbat neurri hartu dituzte. Besteak beste, 3.500 kilotik gorako kamioiek debekatuta izango dute handik ibiltzea larunbateko 14:00etatik igandeko 01:00a arte.
Vicente Calderon estadioaren inguruan segurtasun perimetroa jarriko da, eta hainbat kontrol ezarriko dituzte. Prebentzioko miaketak zorrotzak izango dira, eta estadiora ohi baino lehenago joatea eskatu diete zaleei, ilarak eta pilaketak saihesteko.
Futbol talde bakoitzaren zaleentzat bi eremu (fan zone) atonduko dituzte. Alavesen jarraitzaileena Latina auzoko Cuña Verde parkean paratuko dute, eta Bartzelonakoena, Madrilgo hiltegian.
Espainiako Poliziak zuzenduko du egun horretako segurtasun dispositiboa, eta Ertzaintzak ere parte hartuko du bertan.