Politika -
Kaleko indarkeria
Azkoitiako ezker abertzaleak ez du erasoa gaitzetsi
"Antolatutako kaleko indarkeria ekintza" izan dela uste du alkateak eta eraso horiek, "egun ezker abertzaleak defendatzen duen" bidearen "kontrako noranzkoan" doazela adierazi du.
Erredakzioa
Desegindako EAEko zinegotziek eta talde independenteko zinegotziak ez dute erasoa gaitzesteko Azkoitiako Udaletxeko testuarekin bat egin, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek sinatutako dokumentuan "kale indarkeria ekintza" izan dela esan dutelako.
Asier Aranbarri (EAJ) Azkoitiako alkateak "antolatutako kaleko indarkeria ekintza" izan dela iritzi du eta kaleko indarkeria "areagotzea" deitoratu du.
"Ikusitakoa ikusita argi dago kaleko indarkeria ekintza izan dela. Elkarrengandik hurbil dauden bi tokitan 12 kontainer erre dituzte. Pastillak bota omen dituzte, azkar eta ia inor konturatu gabe horiek su har zezaten, hau da, orain dela astebete Zarautzen jazo zen bezala", iritzi du. Hori horrela, kontainerrak guztiz kiskali direla zehaztu du Azkoitiako alkateak.
Aranbarriren aburuz, honelako ekintzek erakusten dute ezker abertzalearen prozesuan "zer edo zer huts egiten ari" dela, hain zuzen, eraso horiek "egun ezker abertzaleak defendatzen duen" bidearen "kontrako noranzkoan" doazelako.
Indarkeriak "egungo agertoki politikoan lekurik ez" duela gogorarazi du EAk
Goizaldean Azkoitian izandako erasoa gaitzetsi du EAk eta "indarkeriak, estortsioak eta mehatxuak egungo agertoki politikoan lekurik ez" dutela nabarmendu du.
Bere alderdiak eta ezker abertzaleak "bide politikoen, baketsuen eta zibilen bidez, Euskal Estatu independente bat eratzeko" konpromisoa dutela gogorarazi du EAk ohar batean.