Politika -
Erreferendum proposamena
Puigdemontek uste du Estatuak ezin duela 'hainbeste demokrazia galarazi'
Kataluniako presidenteak esan du erreferendumaren proposamena Kongresura eramateko gonbidapena euren burua zuritzeko estrategia bat dela, nazioarteko behatzaileek borondate politiko eza ez ikusteko.
agentziak | erredakzioa
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak esan du Estatuak ez duela "horrenbeste demokrazia galarazteko adina botere", eta Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuari ohartarazi dio ez duela onartuko printzipioei uko egitera behartzea.
Puigdemontek Madrilgo udal areto batean, Cibeles Jauregian, egindako ekitaldian esan du "arduragabekeria" direla Gobernuak kargudun publikoen kontra hartutako erabakiak, "akordioa urruntzen" dutelako.
"Kataluniaren eskaeraren izaera politikoa ukatzea eta dena fiskalen eta epaileen esku uztea ez da irtenbidea, arazoa handitzea baizik", azpimarratu du Puigdemontek, "epaitegietan politikarik ez" dela egiten gaineratu aurretik.
Bestalde, Kataluniako presidenteak esan du erreferendumaren proposamena Kongresura eramateko gonbidapena euren burua zuritzeko estrategia bat dela, nazioarteko behatzaileek borondate politiko eza ez ikusteko.
Puigdemontek argi adierazi dio Madrili ez duela "simulakroetan" parte hartuko, "autodeterminazioari uko egiten diogula irudikatzeko ezer ere ez".
Horren harira, Estatu zentzuarekin jokatzeko deia egin du, Kataluniaren independentziari buruzko erreferenduma negoziatzeko: "Borondate politikoarekin guztia da posible".
Aurre "kereilei eta zigorrei"
Oriol Junqueras Generalitatearen presidenteordeak, era berean, azpimarratu du kargudun independentisten aurkako "kereilei, kargugabetzeei eta zigorrei" aurre egin eta erreferenduma bilatuko dutela.
Ekonomia kontseilari ere badenak independentzia nahia aldarrikatu du herriaren ardura ekonomiko eta politiko "guztia" bere gain hartzeko, eta Espainiako Gobernuaren politiken mende ez egoteko.
Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilariak, bere aldetik, uste du Espainiak "arazo bat" duela, "bere demokrazia" dagoelako jokoan Katalunian.
Ultraeskuindarren protesta
200 bat pertsona elkartu dira Madrilgo Zibeles plazan Kataluniako presidentearen agerraldiaren aurka. Manifestariek Manuela Carmena alkatearen kontra ere jo dute, Puigdemonti areto bat alokatzeagatik.
"Terroristak, separatistak" oihukatzen jaso dute Kataluniako presidentea, ikur ultraeskuindarrak zeramatzatenek.