Politika -
Barne hauteskundeak PSOE-N
Sanchezek irabazita ere, PPren gobernua ez da zentsura mozioaren beldur
PSOEk "Espainiaren gobernagarritasunarekin bat egitea" espero du Espainiako Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusi berriro aukeratu izanak ez du Unidos Podemosek Rajoyren kontra aurkeztutako zentsura mozioan eraginik izango, eta, beraz, Exekutiboa ez dago bozketarekin arduratuta.
Mendez de Vigo gosari informatibo batean izan da goizean, PSOEren barne hauteskundeen biharamunean. Horretaz galdetu diotenean, barne prozesu horren aurrean "begirunea" agertu du, eta "zortea" opatu dio sozialisten buruzagiari.
"Garrantzitsua da PSOEk Espainiaren gobernagarritasunarekin bat egitea. Hazkunde ekonomikoari eutsi behar diogu, horretan erantzukizun handia dugu", nabarmendu du.
Mendez de Vigoren hitzetan, Sanchez aukeratuta ere, Unidos Podemosen zentsura mozioak ez du aurrera egiteko aukerarik, eta Pablo Iglesiasek ere horixe aitortu duela erantsi du.
"Podemos indarra galtzen dabil. Atzoko manifestazioan ikusi genuen. Iglesiasen alde baino, Real Madrilen aldeko oihuak entzun ziren", adierazi du.
Horrenbestez, mozioarekin kezkatuta ez dagoela berretsi du Mendez de Vigok, eta alderdi jakin baten edo haren zaleen alde baino, herritarren alde lanean jarraituko dutela gaineratu du.