Politika -
'Mozal LEgea'ren aurka
Lau kaputxadunek autobus bat gelditu eta pintaketak egin dituzte Azpeitian
Egintzak ostirala iluntzean jazo ziren, norbanako batzuek Lurraldebuseko autobus bat gelditu eta 'Mozal Legea'ren aurkako pintaketak egin zizkiotenean.
Agentziak | Erredakzioa
Lau kaputxadunek Lurraldebuseko autobus bat geldiarazi zuten ostiral iluntzean Azpeitiko geltoki batean, eta 'Mozal Legea'ren aurkako pintaketak egin zituzten ibilgailuan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur ohar baten jakitera eman duenez, autobusa geldialdi bat egiten ari zen Trenaren Euskal Museoan, eta une horretan lau kaputxadun autobus azaldu ziren. Horietako bat gidariaren aurrean jarri eta ibilgailua geldi mantentzera behartu zuen, gainerakoek autobusaren kanpoaldean pintaketak egiten zituzten bitartean.
Ondoren, lau ezezagunak handik alde egin zuten. Gidariak, orduan, Ertzaintzari deitu zion, eta ikerketa bat zabaldu dute.
Beste ohar baten bidez, Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako foru diputatuak gaitzetsi egin ditu egintza horiek eta "tamalgarria" eta "onartezina" dela adierazi du.